(argazkia: Alberdania)

‘Jostorratza eta haria’ liburuaren berrargitalpena aurkeztu du Yolanda Arrietak

Galdera batekin abiatzen da eleberria: “zer gara? Berez gurekin datorrena ala bizitzan zehar egiten goazena? Bien nahastea, agian? Bi galdera horien inguruan dabil liburua”, dio idazleak. 

Duela 24 urte plazaratu zuen Jostorratza eta haria eleberriaren berrargitalpena aurkeztu du Yolanda Arrietak.

Oraingo honetan, 2001eko edizioarekiko aldaketa nagusiak Iratxe Retolazak egin duen hitzaurrea eta testuaren eguneratzea izan dira, Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailearen azalarekin.

Egileak Alberdania argitaletxearen eskutik argitaratu du berriro ere liburua. “Orduko hartan, Ostiral sailean argitaratu zen, gazteentzako sailean, eta sail horrek ez gintuen guztiz gustura utzi. Oraingon helduentzako Narrazio sailean dator, nahiz eta gazte literaturara hurbiltzen den”, adierazi du argitaletxeak.

Alberdaniarentzat, eleberriaren planteamendua “oso orijinala da”, eleberriak irakurtzeko orduan ohituta gauden patroiekin hautsi egiten du beste bat sortuz. “Kontalariak pertsonaiak dira eta aldatuz doaz unean-unean, eta eurekin euskalkiak ere aldatu egiten dira, bakoitzak bere hizkera izango du”.

Liburu bat darabilt esku artean, Lola Lopez Mondejar idazlearen Sin relato-Atrofia de la capacidad narrativa y crisis de la subjetividad izenekoa. Bizi dugun garaiaz mintzo zaigu, arreta-ezaz, pentsamenduari hitza jartzeko gaitasun-arazoaz, pentsamenduaren beraren edota irudimenaren galeraz eta ondoriozko errepresentazio-gaitasunaren makaltzeaz. Kontrapuntu gisa, geure burua kontatzearen balioaz mintzo zaigu, narratzeak testuinguruetara garamatzalako, pertsonaiak osatzera, haien nahietan arakatzera, gertaera garrantzitsuen zergatiak, loturak eta tasunak deskribatzera, ekintzen aurrekariak eta ondorioak kontuan hartzera; identitatea ez baita zerbait aldaezina, baizik eta geure buruari kontatzen dizkiogun edota besteek kontatzen dizkiguten kontakizunen bidez eraikitako esperientzia-sarea. Egileak pentsatzeko eta hausnartzeko denbora eta energia aldarrikatzen ditu eta, irakurketa-taldeen antzeko solas-guneak txalotzeaz batera, haien egungo izaera iraultzea aupatzen du.

Arrietak goitik behera azpimarratu duen liburua ez da aspaldikoa, 2024ko Anagrama entsegu- saria lortu baitzuen. Aitzitik, “duela hogeita hamar urte ideatu eta idatzi nuen Jostorra eta haria liburuaren azpiko nahiekin bat dator, erabat”.

Galdera batekin abiatu zuen lana Arrietak: “zer gara? Berez gurekin datorrena ala bizitzan zehar egiten goazena? Bien nahastea, agian? Bi galdera horien inguruan dabil liburua”.

Ama batek jaiotzear dagoen alabarentzat kontaturiko istorio-historia da liburuaren muina. “Josteko gidaliburu baten modura egituratuta dago liburua eta jostearen inguruko hitzek blaitzen dute esana. Zenbait ahotsek, berriz, josten dute edukia. Alde batetik Ama, Amama eta Amona dauzkagu eta bestetik liburuaren sei atalak denboran txirikordatzen dituen narratzailea. Historiaurretik XX. mende hasierara doan tartean, ahozko literaturatik gertu dauden kontuek hartzen dute protagonismoa, beti ere, aipaturiko ahots nagusien ahotik eta nork bere soinekoak joste-idaztearen aldeko joko pean”, azaldu du egileak.

Euskalkiak eta hizkera desberdinak erabiltzen dira pertsonaien jatorriak eta garaien ezaugarriak nabarmentzeko. “Gainerakoan, jostearen inguruko tresnek mozorrotzen dituzte aldian aldiko gertaerak. Aldiro-aldiro itxuraldatuta agertzen den larru, oihal edota soineko beltzak, berriz, aldi zaharren bukaera eta berrien hasiera markatzen ditu”.

Jositako azala

Liburuaren izenburua kontutan hartuta, Azpiazuk azala jostea polita izan zitekeela pentsatu zuen, “ez naiz askotan jardun halako lanetan, baina tira, ahaleginak merezi zuen, bide berri bat egiteak duen zirrararengatik, besterik ez bada”. Horrelaxe sortu zuen jositako azala. “Hemen duzuena bigarren saiakera da, beste bat bada hari katramilatuz betea, proba gisara geratu zena”, kontatu du ilustratzaileak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna