(argazkia: GFA)

‘Zestoako Ondare Arkeologikoa eta Paleontologikoa. Urolako Ondarea Gertutik Gertura’ erakusketa paratu dute Ekainberrin

Irailaren 28ra arte egongo da ikusgai, Ekainberriko liburutegian.

Gertakari historiko ugariren lekukotasuna gordetzen dute Zestoako lurrek, Urola ibaiaren erdialdea aspaldidanik erakargarri izan baita hainbat giza espezierentzat. Zestoako Ondare Arkeologikoa eta Paleontologikoa. Urolako Ondarea Gertutik Gertura erakusketak 1935etik gaur egunera arte egin diren ikerketen emaitzak erakusten ditu, aurkikuntza-guneak, ikerlariak eta aurkitutako piezak uztartuz.

Behe Paleolitoan, duela 300.000 urte giza okupazioa izan zuen Irikaitz aztarnategitik hasi eta 1787. urteko Aizarnako parrokiko hilobietaraino, guztira 21 aztarna-guneen lekukotza erakusten da, 1969an aurkitu zen eta UNESCOk Munduko Ondare izendatu zuen Ekain koba barne. Erakusketan agertzen dira, besteak beste, Amalda, Baio, Danbolinzulo, Amabiturrieta, Irikaitz, Erlaitz, Astui-Gaina, Erraila… Zestoan dagoen Historiaurreko ondare-guneen kontzentrazioa apartekoa da mundu mailan; hainbesteko ondare kopuru izateak herri bakar batean, Zestoa leku berezi bihurtzen du Historiaurrearen ikerketarako eta ezagutzarako.

Erakusketan aztarna-guneen ikerketari garrantzia ematen zaio. Gune bakoitzaren  ikerkuntzaren inguruko informazioa biltzen eta lan hauetan aritu ziren gizon eta emakume ikerlarien lana goraipatzen da. Ikerlarien artean daude, besteak beste: Jose Miguel Barandiaran, Jesus Altuna, Juan Maria Apellaniz, Antxieta Jakintza Taldea, Mertxe Urteaga, Alvaro Arrizabalaga, Maria Jose Iriarte, Blanca Ochoa edota Asier Gomez. Ikerlari hauek guztiak dira gaur egun ezagutzen dugun Zestoako Historiaurreko ondare paregabea mundu mailara zabaltzea ahalbidetu dutenak, aurkikuntza bakoitza historian dagokion lekuan kokatuz.

Horretaz gain, erakusketa honek berebiziko garrantzia hartzen du, aztarnategi hauetan topatutako 32 pieza original ikusgai egongo direlako bisitarien gozamenerako: Baioko errinozeroaren orno zerbikala, Irikaitzeko hareharrizko aurpegibikoa, Erlaitz III-ko bieira handi baten zatia, edo erakusketako irudi nagusian agertzen den Lili Jauregiko azulejo apaindua.

Erakusketa irailaren 28ra arte egongo da ikusgai Ekainberriko liburutegian, Ekainberriko sarrera erosi dutenentzat. Gainera, publiko orokorrarentzat doan eta erreserbarekin ikusgai egongo da ostiralero, 17:00etatik 19:00etara. Bisita gidatu labur bat eskainiko da 17:15ean gazteleraz eta 17:45ean euskaraz bertan dauden bisitarientzat. Erreserbak www.ekainberri.eus webgunean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna