Durangoko Azokaren Komunikazio eta Marketin arduraduna izan zen hainbat urtez eta lan horretan jarraitu zuen heriotzara arte. Horrekin batera Bizkaia Irratian esatari eta Gerediaga Elkarteko komunikazio lanetan ziharduen.
53 urte zituela hil zen atzo arratsaldean Izaskun Ellakuriaga Bustintza. Gerediaga Elkarteko komunikazio arduraduna, Durangoko Azokaren komunikazio eta Marketinaren erantzulea eta Bizkaia Irratiko esataria zen. Gerediagak adierazi duenez, “Izaskun eskuzabala, ausarta eta nekaezina zen, oztopo denen gainetik pasioa eta lana arlo guztietan erakusten zuenetakoa; umore berezia zuen eta solaskide aparta zen”.
Ellakuriaga Iurretan jaio zen 1972ko otsailaren 14an. Hasierako ikasketak Iurretako eta Durangoko ikastoletan egin zituen, eta Euskal Herriko Unibertsitatean kazetaritzan lizentziatu zen 1995ean. Unibertsitate berean Multimedia Negozioen Zuzendaritza Masterra egin zuen 2003an, eta komunikazioaren arlo diferenteei buruzko formakuntza jaso zuen hurrengo urteetan, harreman publikoak, protokoloa, ekitaldien antolaketa, gizarte-sareak… eta halako gaietan sakonduz.
Euskaldunon Egunkarian praktikak egin zituen urte batez, eta jaietako kronikak eta kultur kronikak egin zituen. Egunkarian bertan bertsolaritzari eskainitako orri bat martxan jarri zen, eta Ellakuriaga astero-astero bertsolaritzari buruzko kronika argitaratzeaz arduratu zen. Bertsolari txapelketei ere jarraipena egin zien orri berezi horretan. Bertsolari aldizkarian ere hainbat zenbakitan erredakzio kontseiluan parte hartu zuen eta artikulu batzuk ere idatzi zituen. Bertsotan ere ibili zen; Jon Lopategi Kanpantxu-ren barnetegietan parte hartu zuen, plazara ere inoiz irten zen, eta gai jartzaile eta epaimahaikide lanak ere egin zituen, herri mailan gehienbat.
1994tik 2003ra Durangaldeko Eraz astekarian erredaktore eta zuzendari lanetan jardun zuen, eta ondoren komunikazioko beste esparru batzuetan lan egin zuen.
Mikel Laboarekin Kiromantzidxa (Lekeitio 10) errezitatzen, kontzertuetan parte hartu zuen (1998- 2001).
2004tik 2011ra Berrizko Udaleko komunikazio aholkularia izan zen, prentsa kabinetearen ardura hartuta. Durangoko Kurutziaga Ikastolak antolatutako Ibilaldia 2005, Bizkaiko ikastolen jaiko komunikazio arduraduna izan zen, baita 2009ko Euskal Herriko Bertsolaritza txapelketako komunikazio taldeko kidea ere, ekitaldiaren komunikazio eta marketin estrategia diseinatu eta kudeatuz.
2012an Zeelanda Berrira joan zen ngelesa hobetzeko asmoz, eta han 18 hilabete pasa ondoren Australiara ere pasatu zen.
Lekukom komunikazio agentziaren sortzaileetako bat izan zen Marijo Deograciasekin batera. Ekitaldien antolaketaz, sare sozialetako proiektuen estrategiaz, komunikazioaren kudeaketaz aholkuak ematen zituen.
Durangoko Azokaren Komunikazio eta Marketin arduraduna izan zen hainbat urtez eta lan horretan jarraitu zuen heriotzara arte. Horrekin batera Bizkaia Irratian esatari eta Gerediaga Elkarteko komunikazio lanetan ziharduen.