(argazkia: David Herranz)

Paul Urkijoren ‘Gaua’ filma Sitgeseko Zinemaldi Fantastikoan estreinatuko da

Yune Nogueiras, Ane Gabarain, Elena Irureta eta Iñake Irastorza dira euskal mitologiaren gaueko munduan murgiltzen den lan luze honen protagonistak. Azaroaren 14an estreinatuko da Euskal Herriko zinema aretoetan.

Paul Urkijo zuzendariak 58. edizioan aurkeztuko du Gaua filma. Errementari eta Irati lan luze arrakastatsuen ostean, zinemagile gasteiztarra hirugarren aldiz lehiatuko da zinemaldi honetako sail ofizialean.

Urkijo XVII. mendean girotutako istorio batekin itzuli da. Oraingoan, euskal mitologiaren gaueko munduan murgilduz.

Euskal Herriko mendiak. XVII. mendea. Sorgin-ehiza betean, Kattalinek (Yune Nogueiras) atzean uzten du baserria gauaren erdian, senarrarengandik ihesi. Basoaren belztasunean galduta, haren atzetik dabilen presentzia sentitzen du. Bidean, hiru emakumerekin egingo du topo, eta, arropa garbitzen duten bitartean, herriko beldur eta esamesen ipuinak kontatuko dizkiote elkarri. Kattalinen harridurarako, bera izango da istorio horien protagonista.

Yune Nogueiras, Ane Gabarain, Elena Irureta eta Iñake Irastorza dira fantasia eta errealitate historikoaren kodeen artean dabilen eta euskal mitologiaren gaueko munduan murgiltzen den filmeko protagonistak. Besteak beste, Xabi Lopez Jabato Lopez, Erika Olaizola, Manex Fuchs eta Elena Uriz dira aktoreen zerrenda osatuko dutenak.

Gaua Irusoin, Ikusgarri Films, Vilaüt Films eta Gaua AIE etxeek ekoitzi dute eta EITB, Prime Video, RTVE, ICAA, Lakuako Gobernua, Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Fundación Vital Fundazioa eta CREA SGR erakundeen babesa izan du.

Gaua azaroaren 14an estreinatuko da Euskal Herriko zinema aretoetan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna