Bertsozale Elkarteko egitasmoen bilketa prozesuak berrikusi dira eta tokian tokiko eragileekin harremanetan jarrita, eremu horretako jarduna aztertu eta hobekuntzak bideratu dira.
Bertsularien Lagunak Elkarteak, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak elkarlanean bertso dokumentazioaren bilketaren sistematizaziorako proiektua bideratu dute aurten. “Bertsolaritzaren egungo jardunak sortzen duen dokumentazioa biltzeko sistema propioa indartzeko lanean aritu gara, lurraldearen garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala sustatzea duen Euroeskualdea erakundearen lankidetzarekin.
Elkarteen arabera, “bertso dokumentazioa biltzeak helburu desberdinak ditu: alde batetik, bertsolaritzaren kultur ondarea antolatu eta zaintzeko; eta, bestetik, ezagutza horretan sakondu nahi duen orori zerbitzu antolatu bidez eskaintzeko. Era berean, taldean ondutako bertso sorkuntzaren bilduma kolektibo hau, bertsolaritzaren ikerketa, sustapen eta transmisiorako oinarrizko bilduma da”.
Ohiko egitasmoen bidez, Bertsozale Elkarteak egiten du Xenpelar Dokumentazio Zentroko ondare bilketarik handiena, baina “ezinbestekoa izan da norbanako eta bertsozaleek borondatez egiten duten lana ere, ondare hori aberastu eta eskaintzeko”. Hortaz, dokumentazio bilketan sakontzeko, batetik, Elkarteko egitasmoen bilketa prozesuak berrikusi dira eta, bestetik, tokian tokiko eragileekin harremanetan jarrita, eremu horretako jarduna aztertu eta hobekuntzak bideratu dira.
Hala, euskarri desberdinetako dokumentazioa jasotzeko lagungarri diren baliabideak sortu dituzte: “egitasmoaren helburua eta azalpenak biltzen dituen esku-orria, euskarriaren arabera dokumentazioa egiteko irizpideak, grabazioak eta argazkiak egiteko jarraibideak eta bertso saioetako informazioa jasotzeko fitxak, besteak beste.”
Informazio hori guztia Bertsozale Elkarteko egitasmo desberdinen bidez hedatuko da, baita Xenpelar Dokumentazio Zentroko webgunean jaso ere. Orri horretan bertan eskuratu daiteke bilketari buruzko esku-orria, egitasmoari buruzko bestelako xehetasunekin batera.