Milloitik mundura lehen nobela bezala, hau ere autobiografikoa da. Mutikotan Berriatuatik Derioko seminariora joan zenean hasi eta helduaroraino heltzen da; tarte horretan, bere moduko beste gazte askoren bizi-ibilaldia egiten du. Honela, belaunaldi oso baten lekukotza jasotzen du nobelak.
Angel Ugarteburuk idatzitako nobela da Hegan eta jare. Bere bizitzako hainbat pasarte dakartza idazleak, Berriatuako baserritik irten eta Derioko apaiztegian sartu zenean hasita. Abadegai lagunak, abadetzarako pausoa eman edo ez, gero kulturan jardutea, politika giroa diktaduraren azken urteetan, ikasketak, lanbidea… Familia-giroa ere sarritan jorratzen da, ospakizunak, bidaiak eta abar aitzakia direla.
Euskaltzaindiaren esanetan, “garai oso bizia da egilearen bizitzaren bitartez zeharkatuko duguna, belaunaldi oso bati eragin ziona. Apaiztegian ikastea batzuen aukera baino ez zen, baina une batean seminarioak hustu egin ziren, abadegaiek gizarte arloko beste zeregin batzuetara bideratu nahi zutela erabakita”.
Liburuan, bere garaiko testuinguru politikoa, kulturala, ekonomikoa, soziala “oso ondo adierazita” dagoela dio Euskararen Akademiak, “tarteka, euskal kulturako izen ezagunak agertuko dira, ibilbide komun baten adierazgarri”. Hori dena, gainera, “hizkera bizi eta arinez kontatuta dago, idazleak daukan kontalari senari esker: behin eta berriz adierazitako pasarteak idatzira ekartzean, ahozko erregistroaren bizitasuna gorde dute”.
Lana Labayru Fundazioaren Sutondoan sortan argitaratu da, erakundeak Euskaltzaindiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan.
Liburuaren aurkezpena, berriz, Euskaltzaindiaren egoitzan egin da, eta bertan izan dira Angel Ugarteburu egilea bera, Igone Etxebarria Labayru Fundazioaren zuzendaria, eta Andres Urrutia euskaltzainburua.