Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alkateak, udal hautetsiak eta euskalgintzako ordezkariak Bilbon bildu dira gaur, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean egindako agerraldian.
200dik gora alkate eta udal hautetsi, alderdi eta sentsibilitate ezberdinetakoak, eta euskalgintzako ordezkarik Bilbon, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean egindako agerraldian.
Joan den astean, Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko udaletan euskararen normalizazioa bultzatzeko 179/2019 Dekretuaren hainbat artikulu baliogabetzea berretsi zuen bere sententzian, VOX alderdi politiko ultraeskuindarrak jarritako helegitearen tesi gehienak bere eginez. Ondorioz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalei eta toki erakundeei herritarrekiko harremanetan euskararen erabilera lehenestea ahalbidetzen dien hainbat artikulu baliogabetu dituzte, euskararen normalizazioa helburu duten beste neurri batzuekin batera.
Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera, “baliogabetutako dekretuak Eusko Legebiltzarrean kontsentsu zabalez onartu zen 2/2016 Udal Legea garatzen du. Era berean, azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, epai honek euskal erakundeen erabakimena eta euskal gizartearen borondatea ere jartzen ditu auzitan”.
Gaur, euskararen eta euskal erakundeen autogobernuaren aldeko erantzun bateratua eman dute 200dik gora alkatek eta udal hautetsik, alderdi eta sentsibilitate ezberdinetakoak, eta euskalgintzako ordezkarik Bilbon, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean egindako agerraldian.
Sententzia euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena dela salatu dute, “azken hamarkadetako kontsentsuarekin hausten du eta autogobernua nabarmen kaltetzen du”, diote.
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak irakurri du adierazpena:
(Bideoa: Euskalgintzaren Kontseilua)