Behin Nafarroako finala pasata, hasiko da Xilabako lehen fasea, abenduaren 6an, Aiherran. Urte amaieran abiatu eta 2026aren hasieran amaituko da, izan ere, Xilabako finala urtarrilaren 31n izango da, Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan.
Ondoren, Arabako Txapelketak hartuko dio lekukoa Xilabari eta otsailean abiatuko da, lehen larunbatean. Martxoaren 28an, berriz, Gasteizko Europa Jauregiak finala hartuko du eta horrekin amaitutzat emango dira herrialdeetako txapelketak, aurten Txapelketa Nagusirako puntuagarriak izango direnak.
Datorren urtean izango da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, eta horra begira, Arabatik, Nafarroatik eta Xilabatik bina bertsolari gehiago sailkatuko dira. Hortaz, Euskal Herrikoan 36 bertsolari izatetik 42 izatera pasako dira. Ondorioz, lehen faseak, saio bat gehiago izango du: sei beharrean, zazpi.
Nafarroa Arena
Irailean hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen fase hori, zazpi lurraldeetara iritsiko dena. Finala 2026ko abenduaren 20an izango da, igandearekin, Nafarroa Arenan. Azken txapelketako finala ere han jokatu zen, eta datorrena ere han izango da.