‘Jone, batzuetan’ filma irailaren 12an helduko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara

Bilboko Aste Nagusian filmatuta dago lana. Jaiek irauten duten egunetan zehar, Bilbo Zaharrean bizi den Kaskagorriko konpartsakide batek (Olaia Aguayo) nerabezaro betean bizi duen heldutasunerako esnatzea kontatzen du.

Sara Fantovak (Bilbo, 1993) zuzendutako Jone, batzuetan filma irailaren 12an estreinatuko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetan. Egun batzuk beranduago, gainera, Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean ikusi ahal izango da. Pelikulak ibilbide arrakastatsua egin du dagoeneko Estatu espainiarreko zenbait jaialditan. Malagan, esaterako, epaimahaiak aipamen berezia egin zion zuzendaritzari. Handik gutxira, Bartzelonako D’A Film Festivaleko Un impulso colectivo saileko sari nagusia irabazi zuen. Gainera, joan den abuztuan Film Onena izendatu zuten Mallorcako Atlàntida Film Fest lehiaketan.

Zinemagile gazteak Bilboko Aste Nagusian filmatu zuen Jone, batzuetan, bere opera prima, eta Aste Nagusiak irauten duen egunetan zehar, Bilbo Zaharrean bizi den Kaskagorriko konpartsakide batek (Olaia Aguayo aktore hasiberria, Jone antzeztuz) nerabezaro betean bizi duen heldutasunerako esnatzea kontatzen du.

Protagonista gaixorik duen aitaz (Josean Bengoetxea) eta ahizpa txikiaz (Elorri Arrizabalaga) arduratu beharko da. Aste luze horretan, Jonek bere lehen maitasuna ere biziko du (Ainhoa Artetxe), bere koadrilarekin parrandan aterako da eta txosnan txandak ere egingo ditu.

Fantovak azaldu duenez, “helduaroko lehen esperientziaren aurrean dugun zalantzaz hitz egin nahi genuen: ziurtasunik ezaz eta, are gehiago, gurasoak moduko ezinbesteko erreferente batzuen sendotasuna alde batera uzteak ekar dezakeen delirioaz”,.

Filmaren ekoizleek nabarmendu dutenez, “Sarak bizitzaren beraren zintzotasuna transmititzea lortzen du istorioarekin. Bere sentsibilitatea eta irizpidea, artisautza lana eta berezkotasuna”. Fantovak, ezinbestean, ezaugarri horretara jo behar izan zuen bere filma duela bi urteko Aste Nagusiko gauetan jendetzaren artean filmatzen ari zen bitartean.

Filma 2023ko Aste Nagusian filmatu zen, jai eremuan, txupinazoan Arriaga plaza jendez lepo zegoela eta baita jaietako gauetan ere. Kaskagorriren barraren atzean grabatutako eszenak ere jasotzen ditu lanak. Hala, Jone, batzuetan Aste Nagusia pantaila handian irudikatzen duen lehen filma da. Jaiak, gainera, protagonismo handia dute zintan, tramarekin paraleloan garatzen baitira, txosnen muntaketarekin hasi eta ospakizunei amaiera ematen dien hitzorduan amaitzen baita: Marijaia erretzean. Filma, euskara eta gaztelania nahasten dituen jatorrizko bertsioan bakarrik estreinatuko da Estatuan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna