2026ko ekainaren 20an izango da Mitoaroaren azken kontzertua, San Mames estadioan. Sarreren aurresalmenta irailaren 10ean, asteazkena, irekiko da eta salmenta orokorra irailaren 11n, osteguna, goizeko 10:00etan.
Bizkaian, San Mames estadioan, itxiko du Zetak taldeak Mitoaroa showaren trilogia, 2026ko ekainaren 20an. Hala, “Mitoaroa III mugarri historikoa izango da Bizkaiarentzat eta euskal kulturarentzat. Izan ere, euskara hutsean egindako ikuskizun batek futbol zelai bat beteko du lehen aldiz”, adierazi dute.
Albistea, trailer ikusgarri baten bidez, eman dute ezagutzera, Mitoaroa II-ren Donostiako Ilunbeko bigarren emanaldian. XV. mendean girotutako prekuela honetan 40.000 lagun bildu dira asteburu honetan. Kontzertura lagunekin iritsi eta Pello Reparaz amildegi batetik behera erori da, oraingoan denboran bidaia luze bat eginez. Historian atzera egin du, izaki mitologikoak gure lurretatik deserriratu genituen unera. Garai honetan, inkisizioa indarra hartzen hasia da, baina mitologikoen komunitate txiki batek irauten du oraindik, Euskal Herrian. Mehatxua, ordea, gero eta handiagoa da.
Ia hiru orduko emanaldian, katolizismoaren ordezkarien eta Euskal Herriko inauterietako zenbait pertsonaiaren (momotxorroak, mamuxarroak, zipoteroak, joaldunak, txatxoak…) arteko borrokak, dantzak, doinuak eta jolasak talde nafarraren pop musika elektronikoarekin uztartu zituen. Emanaldiak 40.000 ikusle inguru bildu zituen hiru egunetan.
Mitoaroa III
Aurrekaririk gabeko iraultza teknologikoak XV. mendera eraman gintuen. Mitoaroa I (oraina) eta Mitoaroa II (iragana) saioen ondoren, Mitoaroa IIIk beste jauzi bat egingo du: etorkizunera begira egingo den ikuskizuna izango da, San Mames euskal kulturaren bozgorailu handi bihurtzeko pentsatua.
Sarreren aldez aurreko salmenta irailaren 10ean, asteazkenean, irekiko da eta salmenta orokorra irailaren 11n, ostegunean, goizeko 10:00etan.