Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena 010 (948 420 100) telefonora deituta irailaren 19ra arte.
Hitza eta irudia lemapean, Iruñeko Udalak eta Euskal Idazleen Elkarteak hiru literatur lantegi monografiko antolatu dituzte euskaraz. Zikloa irailaren 20tik urriaren 18ra bitarteko hiru larunbatetan izango da, 10:00etatik 13:30era, eta haren helburu nagusia da egile berriek euskarazko literatura sor dezaten bultzatzea eta idazleak elkar ezagutu, eta, prozesu eta dinamika horien jabe egitea.
Iruñeko Kondestablearen jauregian egingo dira lantegiak eta parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena 010 (948 420 100) telefonora deituta irailaren 19ra arte. Izen-ematea doan da eta hiru saioetarako izango da. Taldea, gehienez, 15 lagunek osatuko dute.
Hilaren 20an egingo da lehenengo lantegia Album Ilustratuak: Hitzen eta irudien arteko dantza izenpean. Bertan hainbat album ilustratu aztertuko dira, testuak eta irudiak nola integratzen diren ikusteko; ondoren, ilustrazioetatik abiatuta testuak sortu eta hitzei irudiak erantsiko dizkiete, eta azkenean, bi kodeak aldi berean erabiliko dituzte. Lehenengo lantegia Ane Labaka (Lasarte-Oria, 1992) bertsolari eta idazleak eskainiko du.
Urriaren 4an helduko da bigarren lantegia eta eleberri grafikoak izango ditu ardatz. Ikuspegi praktikoaz, eleberri grafikoa zertan datzan, bere ezaugarriak eta aniztasuna errepasatu, eta ondoren, ideiak egituratzeko eta istorioaren garapena lantzeko ariketak egingo dira, bai eta erritmo zehatza lantzekoak ere. Iurre Ugarte idazle eta gidoilari tolosarrak gidatuko du.
Zikloari amaiera emateko, urriaren 18ko lantegiak poesiaren eta irudien arteko harremana izango du ardatz, hitzek irudikatzen dituzten irudietatik abiatuta, irakurleen irudimenean sortzen diren poema edo errealitate anitzen abiapuntu bihurtzen baitira. Lantegian teoria eta praktika uztartzen dira, sormena eta irudimena taldean lantzeko, Iosune de Goñi idazle, argazkilari eta itzultzailearen eskutik.