Taupak euskararekiko eta euskal kulturarekiko interesa duten guztiei zuzendutako jardunaldia antolatu du irailaren 25erako. Izena emateko aukera zabalik dago jada.
Ohituren biziberritzea: Komunitategintza aktibatzeko giltza izenpean, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak Taupada jardunaldiaren bigarren edizioa antolatu du irailaren 25ean, Durangoko Plateruenan. Bertan, komunitatea, ohiturak eta aktibazioa bezalako terminoen arteko lotura zein euskararen erabilera sustatzeko duten ahalmena izango dute hizpide.
Hala, gaiaren lanketarako gizarte zientzietan aditu diren hizlari multzoa bildu dute. Besteak beste, antropologia, historia, hizkuntzalaritza edota filosofia diziplinetako hainbat ikerlari oholtzara igo eta ohiturek eta errituek daukaten eragin sozialaz mintzatuko dira, euskararen erabileran eragiteko duten gaitasuna azpimarratuz.
Aldi berean, zenbait ohituren inguruan eman diren gaurkotze prozesuak ere emango dira ezagutzera jardunaldiaren baitan; hala nola, Iruinkokoak, Libertimentua edota Gau Beltza. “Gurea bezalako esparru kultural minorizatuetan ezinbestekoa da usadio zaharrak garaian garaiko ezaugarrietara egokitzea; euskararen inguruan eraikitako gune sinboliko eta funtzional gaurkotuak eraikitzea, alegia. Eta horren inguruko hausnarketa da aurtengo Taupadaren muina”, azaldu du jardunaldiko koordinatzaile Andoni Urzelaik.
Jardunaldian izena emateko aukera zabalik dago jada. Interesa dutenek taupamugimendua.eus/ taupada orrialdean topatuko dute horretarako aukera, baita hitzaldiei eta hizlariei buruzko informazio zabala ere. “Jardunaldiak euskararekiko eta euskal kulturarekiko interesa duten edonori zuzenduta daude”, adierazi du Urzelaik.
Etorkizunera begira
Usadioen transmisioaren lanketan aldez aurretik ere aritu da Taupa. Egindako lanketaren adierazgarri nagusiena eta ikusgarriena Gau beltza da. Izan ere, egun arimen gaua euskal herritarren nortasun eta imajinarioan txertatuta dagoen festa izatera heldu da.
Lan ildo horretan sakontzea da asmoa. “Jardunaldiarekin proiektu anbiziotsua abiarazi nahi dugu: galtzear dauden zenbait ohitura biziberritu nahi ditugu eta beste zenbaiten inguruan zabalkunde pedagogikoa egin. Izan ere, badira ezagunak eta bizirik dauden, baina funtsa eta edukia galdu duten hainbat ohitura eta erritu ere”, azaldu du Urzelaik.
Ohitura eta erritu guztien atzean, ezaugarri komunen existentzia azpimarratu dute: Euskal Herrian sustraitutako ospakizunak dira, euskara dute jatorrizko komunikazio-hizkuntza eta zaintza komunitarioa zein naturaren babesaren inguruan eraikita daude. “Geroa izan nahi badugu, ezaugarri horiek dituzten usadio zaharrak biziberritu eta etorkizunera proiektatzea dagokigu. Etorkizunean inbertitzea dela esan genezake, beraz”, gaineratu du Urzelaik.