Irati Gorostidi (argazkia: Tabakalera)

1980ko hamarkadako Arco Iris komunitatea ezagutarazteko erakusketa zabaldu dute Tabakaleran

Arcoiris 82 du izena erakusketak eta Irati Gorostidi artista eta zinemagilearen Aro berria (2025) fikziozko lehen film luzearen filmazioko material argitaragabea du abiapuntu.

Artista eta zinemagile nafarraren Aro berria filmak ikerketa eta sorkuntza prozesu bat ixten du, 1980ko hamarkadan Ultzamako bailaran finkatutako Arco Iris komunitatea du abiapuntu eta Donostiako Zinemaldian estreinatuko da.

Proposamen berriak Gorostidik planteatutako eszenaratzeetan parte hartu zuten pertsonen gorputz eta testigantzetan jartzen du arreta. Eszenaratze horiek filmak oinarri duen komunitatean, bere garaian, garatutako dinamika katartikoak birsortzen dituzte. Erakusketa pantaila anitzeko bi bideo-instalaziok osatzen dute: Marathon eta Samsara, txandaka proiektatuak. Samsarak filmazioan zehar ateratako argazki batzuk ere jasotzen ditu. Halaber, Arco Iris komunitatearen artxiboko materiala jasotzen du erakusketak.

Filmazio-prozesu ezberdinen bidez, zuzendariak eta filmak berak une historiko jakin bat irudikatzeko moduak bilatu ahala, prozesu horietako batzuk benetako esperientzia bihurtu ziren haietan parte hartu zutenentzat. “Bideo-instalazioan jasotako elkarrizketetan, beren bizipenak pertsonaietatik abiatuta kontatzen badituzte ere, barrutik bizitakoarekin zerikusia duten emozioak azaleratzen dituzte”, adierazi du egileak.

Arcoiris 82 erakusketa

Erakusketa urtarrilaren 6ra arte egongo da ikusgai Donostiako Tabakaleran eta eszenaratzea gainditzen duen dimentsio bat erakusten du. Izan ere, kontakizunaren, narrazioaren eta fikzioaren asmotik harago doa, esperientzia abiapuntutzat hartu eta modu murgiltzaile batean erakusteko helburuz. “Hitzaren hauskortasunaren eta mugitzen diren gorputzen egiaren artean sortzen den tentsioaren bidez, bideo-instalazio hau osatzen duen materialak Arco Iris komunitatean bizitako esperientziak dokumentatzen ditu”.

Proiektu hau arte garaikidearen eta zinemaren arteko intersekzioa esploratzen duen Tabakaleraren erakusketa-ildoaren barruan kokatzen da. Aro berria (2025) Ikusmira Berriak egonaldi-programaren baitan hasi zen garatzen, eta Zinemaldiko New Directors sailean izango du estreinaldia.

Zabaldu:

Utzi erantzuna