Irailaren 28an emango diote hasiera txapelketari, Urdulizen.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa abiatzeko bi aste falta direnean, bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak zein talde antolatzaileko kideak Zornotzan elkartu dira motorrak berotzen hasteko eta xehetasunak emateko.
Txapelketa Urdulizen hasiko da hilaren 28an, eta asteburuz asteburu jokatuko da abenduaren 20an finala jokatu arte. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskura jarri dituzte jada.
Idoia Anzorandiak gidatu du ekitaldia. Aurkezpen txikiaren ostean, aurtengo Bizkaiko eskolartekoan buruz-burukoa jokatu duten Enara Gallastegi eta Ekhi Zuluaga bertsolariek kantatu dute.
Asier Galarzak talde antolatzailearen izenean hartu du mikrofonoa. Txapelketa serioa omen da, baina, barrez lehertzen jarri ditu bertaratutakoak, bere bakarrizketarekin. Besteak beste, bertsolaritzaren eta bakarrizketen arteko loturez aritu da; baita, musikariez ere: orain estadioak betetzen dituztela aipatu du, “baina gu izan ginen aitzindariak”.
Bertsozalek adierazi duenez, “txapelketan doinu asko entzuten ditugu, baina bada bat saioro errepikatzen dena: txapelketako sintonia. Ekitaldian aurkeztu dugu, eta modu berezian gainera: Arratiako eta Zornotzako bertso eskoletako gazteek egin dute dantza sintoniaren doinura: Ihintza Arroyok, Iraia Lauzirikak, Libe Arauzok eta Maddi Aurtenetxek”.
Ekitaldia txapelketako parte hartzaile guztien argazkiarekin amaitu da, “dena dago prest bi aste barru ekitaldi handia hasteko”.
Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eguna
Txapelketaren aurkezpenaz gain, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eguna ere ospatu dute Zonortzan eta Aissa Intxausti, Aitor Bizkarra, Jone Uria, Oihana Bartra, Paule Loizaga eta Xabat Galletebeitia bertsolariak aritu dira.