Sortzaileek urriaren 6ra arte erregistratu ahalko dituzte proposamen horiek Durangoko Azokaren webgunean.
Durangoko Azokaren egitaraua, kultura arloan euskaraz diharduten sortzaileen ekarpenarekin osatzen da, eta aurtengo edizioan ere ekitaldi sorta aberatsa eskaintzeko asmoa du antolakuntzak. Horra bidean, egitaraurako proposamenak egiteko epea zabaldu da gaur. Gunez gune, diziplina anitzetako artistek aurtengo nobedadeen berri emateko aukera izango dute. Urriaren 6ra bitartean erregistratu ahalko dituzte proposamen horiek Durangoko Azokaren webgunean.
Aurten euskaraz kaleratutako lanak aurkeztu ahal izango dira Durangoko Azokaren guneetan:
- Ahotsenean liburu eta diskoak.
- Irudienean ikus-entzunezkoak: film laburrak, dokumentalak, fikzioak, egitasmoen aurkezpenak…
- Kabian teknologia berriekin lotutako hitzaldiak, jokoak, tailerrak…
- Saguganbaran haurrei zuzendutako literatura eta musika, izan ikuskizun, kontaketa edo aurkezpen formatuan.
- Szenatokian dantza, antzerki eta bakarrizketak, pieza laburretan.
- Talaian literaturaz aparteko lanak, euskara hutsezkoak zein Euskal Herriari zuzenean eragiten dizkioten gaiei buruzkoak.
Gainera, aurten ilustrazioen erakusketa bat ere antolatuko da, azokako urteko nobedadeetan argitaraturiko irudiak (liburuetan, aldizkarietan, disko azaletan, ikus-entzunezkoen karteletan…) ikusgai jartzeko. Horretan parte hartzeko interesa duten sortzaileek ere proposamena bidali ahal izango dute azokaren webgunean.
Ikasle Goiza
Abenduaren 5etik 8ra egingo da 60. Durangoko Azoka, eta lehen egunean Ikasle Goiza izango da. “Bertaratu nahi duten ikastetxeek ere webgunean izena emateko aukera dute gaurtik hasita, urriaren 6ra arte”. Azoka bisitatzeaz gain, tailerretan parte hartu ahal izango dute ikasleek zein irakasleek. Goiz horretako egitaraua ikasle eta irakasleei zuzenduta egongo da, baina Landako Guneko ateak publiko orokorrarentzat zabalik egongo dira, ohi den moduan.
Bestalde, azoka hasi aurretik, PortaDA erronka aktibatuko da ikastetxeetan, LH, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. “Kasu honetan, azokara etorriko ez diren ikastetxeek ere parte hartu ahalko dute. Euskarazko liburu eta diskoen azalak birsortzea izango da planteatuko zaien erronka”, azaldu antolakuntzak.
Azoka bera abenduaren 5ean hasiko den arren, aurretik sortzaileentzako beste plaza batzuk ere eskainiko dira, eta kasu hauetan ere izen-ematea zabalik dago. Alde batetik, DA! PRO topaketan parte hartu ahalko dute musikariek eta familia ikuskizunak taularatzen dituztenek, programatzaileen aurrean euren lanak aurkeztuz. Momentuz, sortzaileek eman dezakete izena, eta programatzaileentzat aurrerago egongo da aukera.
Antolakuntzak Zu Non, Han DA! egitasmoa azokaren aurretik abiatuko dela nabarmendu nahi izan du, “Euskal Herriko liburu-dendetan izango da eta liburu aurkezpenak ere aurreko bi asteetan egingo dira. Orain arte, azoka amaitu ostean antolatu izan da ekimen hori. Bada, dagoeneko parte hartzeko inskripzioa egin dezakete bai dendariek bai sortzaileek”.
Azkenik, erakusmahaiak eskatzeko aldia ere hasita dagoela aipatu dute, kasu honetan irailaren 30era arte egin ahal izango dira eskariak.