EHUk eta Euskaltzaindiak Euskarazko Doktorego Tesien Koldo Mitxelena Sarietarako deialdia abiatu dute

EHUn 2022ko irailaren 1etik 2025eko uztailaren 31ra artean euskaraz idatzi eta defendaturiko doktorego-tesiak aurkeztu ahal izango dira. Eta, lehen aldiz, EHUkoez gainera, edozein unibertsitatetako tesiak aurkeztu ahal izango dira. Eskariak aurkezteko epea urriaren 6an amaituko da.

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak Euskarazko Doktorego Tesien Koldo Mitxelena Sarietarako deialdia abiatu dute. Sariak euskaraz egindako ikerketak bultzatzeko asmoz sortu ziren eta bi urtean behin antolatzen dituzte. Aurtengoa IX. deialdia da eta irabazle bana esleituko da bost jakintza-arlo nagusietan. Hauexek arlook: Arteak eta Giza Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak, Osasun Zientziak, Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura. Arlo bakoitzetik irabazle bakarra izango da eta irabazleei diploma eta 3.000 euro gordineko sari bana emango zaie.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “EHUn 2022ko irailaren 1etik 2025eko uztailaren 31ra artean euskaraz idatzi eta defendaturiko doktorego-tesiak aurkeztu ahal izango dira deialdi honetara. Eta, lehen aldiz, Europar Tesi edo Nazioarteko Tesi gisa beste unibertsitate batzuetan aurkezturiko lanak ere onartuko dira, unibertsitatea zeinahi dela ere (tesian erabilitako hizkuntzetako batek euskara izan beharko du, noski)”. Tesia defendatu duen doktoreak berak aurkeztu behar du bere hautagaitza, eskabide-orria eta tesiaren kopia bat agertuz. Eskariak aurkezteko epea gaur ireki da eta urriaren 6ra arte egongo da zabalik.

Euskaltzaindiaren esanetan, “eskaria egiteko, inprimaki berezi bat erabili behar da, hain zuzen, EHUko Erregistro Elektroniko Orokorrean eskuragarri dagoena: https://egoitza.ehu.eus/opencms/system/modules/sede/index

Honako dokumentazio hau aurkeztu behar da: eskabide-orria beteta; tesiaren kopia digitala: PDF formatuan, CDan nahiz pendrivean (euskarria itzuli egingo da); Nortasun Agiriaren fotokopia; eta curriculum vitae osoaren kopia digitala, bereziki, hirugarren atalean aipatzen diren merezimenduei buruzko argibideak jasota.

Epaimahaiak ez du tesiaren edukia epaituko, tesian erabili den euskararen kalitatea baizik, eta, behar izanez gero, tesiak komunitate zientifikoan lortutako eragina. Horretarako, batez ere idazkuntza-moldean eta terminologian eginiko ekarpenak kontuan hartuko dira.

Zabaldu:

Utzi erantzuna