'Gaua' filma (argazkia: David Herranz)

Paul Urkijoren ‘Gaua’ filmak irekiko du Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea

Egitarau osoa urriaren erdialdean jakinaraziko da.

Paul Urkijo Alijok zuzendutako film berriak, Gauak (2025), emango dio hasiera urriaren 31n Kursaalen Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen 36. edizioari. Astea urriaren 31tik azaroaren 7ra bitartean izango da, Antzoki Zaharrean eta Victoria Eugenia Antzokian, eta hiriko beste agertoki batzuetan.

Gaua Urkijok zuzendutako hirugarren film luzea da, Errementari (2017) eta Irati (2022) filmen ondoren. Zinemagilearen aurreko lanetan bezala, fantasiaren eta errealitate historikoaren kodeen artean mugitzen da, baina oraingoan XVII. mendean girotutako euskal mitologiako gauaren munduan murgilduta. Filmak gaueko izakien mundu kezkagarria eta landa-eremuko sineskeriaren iruditeria uztartzen ditu, misterioz, emozioz eta epikaz blaitutako unibertsoa sortzeko.

Irusoin, Ikusgarri Films, Vilaüt Films eta Gaua AIE etxeek ekoitzitako filma Sitgeseko Zinemaldian estreinatuko da. Yune Nogueiras, Elena Irureta, Ane Gabarain eta Iñake Irastorza ditu protagonista. Filma azaroaren 14an estreinatuko da zinema aretoetan, Filmaxek banatuta.

Sail ofizialeko film luzeen aurrerapena

The Creeps, The Curse, Deathstalker, Decorado, Dog of God / Dieva Suns, Dracula: A Love Tale, New Group, Other, Que ma volonté soit faite, Redux Redux, A Useful Ghost eta La Virgen de la tosquera izango dira sail ofizialean parte hartuko duten filmak. Egitarau osoa urriaren erdialdean jakinaraziko da.

Abonuen eta sarreren salmenta

Ostegunean, hilak 23, 09:00etan hasiko da abonuen salmenta Antzoki Zaharreko leihatilan. Astelehenean, hilak 27, sarrera solteak 11:30etik aurrera jarriko dira salgai Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugeniako leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean. Gaua filmerako sarrerak Kursaaleko leihatilan eta webgunean ere eskuratu ahal izango dira.

Zabaldu:

Utzi erantzuna