(argazkia: BFA)

Labar-artea biltzen duen historiaurreko aztarnategi berri bat aurkitu dute Gamiz-Fikan

Juan Carlos Lopez Quintanak eta Juan Carlos Izagirrek egin zuten aurkikuntza.

Labar-artea biltzen duen historiaurreko aztarnategi berri bat aurkeztu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Juan Carlos Lopez Quintanak eta Juan Carlos Izagirrek Gamiz-Fikan aurkitu zuten joan den ekainaren 26an, Atxispeko San Pedro ermitaren ingurunea berreskuratzeko interbentzio-programa baten esparruan.

Erlapiku aztarnategia hipogeo deritzon koba artifiziala da, orain arte Kantauri aldean ezezaguna. “Labar-pinturak ditu barruan, Oraintsuko Historiaurrekoak izan litezkeenak (K.a. 5000-1000). Pinturak dituzten bost panel daude guztira, eta gutxienez 25 irudikapen, pigmentu tonu birekin eginak: gorria eta beltza. Irudikapenok giza figura eskematikoak dira; zenbait errepresentaziok gorputza eta besoak bakarrik ageri dituzte, zeinak luzatuta egon ohi diren, edo zirkulu batean itxita buruaren gainean”.

Aztarnategirako sarbidea arrokan pikatutako eskailera-maila batzuekin eraikita dago, bai eta alboetan 50 zentimetro luzeko lau angeluko ate landu batekin ere. Barrualdea 5x2x1,75 metroko eremu induskatua da, eta morfologia oboidea du.

Diego Garate Maidagan (Kantabriako Unibertsitatea) eta Primitiva Bueno (Alcala de Henaresko Unibertsitatea) ikertzaile independenteek egin dute aztarnategiaren egiaztapena. Haien txostenen arabera, badira barne-argudioak errepresentazioen antzinatasuna egiaztatzeko, hala nola irudi batzuen higadura-maila, kare-konkrezioz estalita baitaude, panel batean figura gorriak beste beltz batzuei gainjarrita egotea, panel batzuei suak erasan izana, eta figura batzuen gaineko gurutze grabatuak, itxura freskokoak.

Aldundiaren arabera, “erabilitako pintura-teknikak (pigmentu naturalak, uretan diluituak eta atzamarrekin aplikatuak) eta irudikapenen ikonografiak posible egiten dute pinturak Oraintsuko Historiaurrearen une zehatz batean kokatzea (K.a. 5000-1000)”.

Pigmentu mota desberdinak

Txostenen arabera, zenbait datu, hala nola figuren gainjarpenak, adierazten dute hainbat unetan margotu zutela koba. Horrek azal dezake, halaber, zenbait pigmentu mota egotea (bi motatako gorriak eta beltzak) eta irudikatutako giza formen aldakortasuna. “Bereziki bi eszena nabarmentzen dira: batean, beltzez marraztutako giza figurak daude, ilaran jarrita, era ordenatuan; bestean, gorri zurbilez egindako zazpi figura ageri dira, haiek ere hurrenkera linealean ezarrita, guztiak besoak jasota, eta hiru figura mota desberdinetan identifikatuta. Antropomorfo bakartuen artean, forma horietako batzuk errepikatzen dira, eta gainerakoak bestelako figura eskematikoak dira; badago, gainera, izaera naturalistagoa duen figura bat”.

Kantauriko aztarnategiren batean (hala nola Peña Tu eta El Castillo) eta Arabako koba batzuetan (hala nola Socuevas de San Miguel eta Las Yurdinas) paraleloak dituzte irudikatutako figurek, baina arte eskematikoaren adibide zuzenenak Portugal, Meseta edo Andaluziakoak dira. “Orain arte ez da horrelako pinturarik aurkitu Kantauri aldean, eta horrek funtsezko informazioa ematen digu gure iraganari eta gure lurraldean bizi izan ziren lehen nekazari-jendarteei buruz”.

 Lekeitioko Armintxe koba

Lekeitioko Armintxe koban labar-pintura berriak aurkitu direla ere iragarri dute aurkezpenean. Labar-arte paleolitikoa duen aztarnategi hori ADES elkarte espeleologikoak aurkitu zuen 2016an, eta Juan Carlos Lopez Quintanak (Agiri) eta Cesar Gonzalez Sainzek (Kantabriako Unibertsitatea) ikertu dute.

Iaztik Iñaki Intxaurbe buru duen taldeak (Bordeleko Unibertsitatea) ikerketa-proiektu bat garatzen du bertan, kobaren zehaztasun handiko berreraikuntza tridimentsional bat erdiesteko.

Hiru dimentsioko datuak hartzen ziren bitartean, Goi Galerian, animalien grabatu multzo berria aurkitu da; zehazki, goranzko posizioan dagoen ahuntz bat, bisonte handi bat eta beste bi animalia-irudi txiki, ziur aski bisonte bat eta beste animalia baten lerro zerbiko-dortsala.

Atzamarrekin edo tresna kamuts batekin grabatuta daude figurok kareharrizko paretaren gainean eratzen den geruza buztintsuan. 19-16 mila urte inguru dituzte. Lortutako xehetasun-topografiak eta barrunbearen formazio- eta garapen-prozeduren gaineko azterketek posible egiten dute zehatzago baloratzea nolakoak diren kobaren uholde-prozesuak, nola eragiten dioten labar-arteari eta zer neurri hartu behar diren egoki mantentzeko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna