Bilduman dauden edo museoaren programen parte diren artisten artxiboak katalogatzea eta zabaltzea da Artiumen jarduera-ildo estrategikoetako bat. Legatu dokumental hori funtsezko ondarea da azken hamarkadetako eztabaida eta praktika artistikoen kontserbazio, ikerketa eta zabalkunderako.
Gasteizko Artium Museoaren helburuen artean bere bildumari eta museoaren programei loturiko artisten dokumentu-ondarea kontserbatzea dago. Artxibo eta funts dokumentalek osagai dituzte artistek eta kultura-eragileek beren jarduera profesionalean zehar sortutako materialak, eta, hala, haien ibilbideak dokumentatzen dituzten material multzo antolatuak dira. Horietan artisten lanaren memoria eta lan hori ahalbidetu duten prozesu, ideia eta erlazioak ere daude jasota. “Biziki baliotsuak dira lekukotasun bakoitzaren izaera bereziagatik nahiz materialen izaera heterogeneo eta zabalagatik: gutunak, idatzi pertsonalak, zirriborroak, testu argitaragabeak, proiektuak, material grafikoak eta ikus-entzunezkoak, prentsako ebakinak, gonbidapenak eta jarduera artistiko profesionalari loturiko bestelako dokumentuak”, adierazi dute bertako arduradunek.
Hala, mota desberdinetako materialak direnez (idatziak, argazkiak, bideoak, gutunak…) haien tratamenduak arreta espezializatua eskatzen du, epe luzera begirako kontserbazioa bermatzeko eta, aldi berean, ikerketarako eta publikoaren ezagutzarako kontsulta eta zabalkundea ahalbidetzeko. Funtsak aztertu, katalogatu eta digitalizatutakoan, adituen eskura jartzen dira, ikerketa- eta prestakuntza-proiektuak garatzeko; gainera, hala eskatzen duten museoaren publiko guztien eskuragarri ere jartzen dira. Alderdi horretatik, Dokumentazio Zentroaren lana giltzarria da erakundearen proiektu orokorrean, bai ondare publikoa eta azken 70 urteetako artearen testuinguruko memoria kontserbatzeko konpromisoari dagokionez, bai museoaren programei eta bildumari loturiko lan zientifikoari dagokionez.
Dokumentazio Zentroa etengabeko bilakaeran murgilduta dago; horren erakusgarri, Esther Ferrer artistaren (Donostia, 1937) funts dokumentala eskuratu du, berriki, eta funts hori lantzen ari da, 2025ean zehar Gema Intxausti (Gernika, 1966) eta Jose Felix Gonzalez Placer (Gasteiz, 1951–1991) artisten funtsekin egin den bezala.
Ferrer, Intxausti eta Gonzalez
Esther Ferrerren artxibo digitalari dagokionez, “funts berezia” dela dio Artiumek, “artistaren jardueraren etapak zehatz-mehatz dokumentatzen dituen heinean, 1980ko hamarkadatik hasi eta gaur egunera arte. 6.000 dokumentu digital baino gehiago biltzen ditu; horien artean, autorretratuen sailak, erakusketetako dokumentazioa, maketak eta proiektuak, soinu eta ikus-entzunezko materialak”.
Gasteizko Museoa artistarekin lankidetza estuan katalogatzen ari da azkenaldiko artearen historiari hurbiltzeko oinarri-oinarrizkoa den funts hau, “artearen hizkuntza berriekin, performancearekin eta feminismoarekin irmo konprometitutako lan baten bidez artearen azkenaldiko Historiara hurbiltzeko”.
Gema Intxausti artistak, bestalde, 2022. urtean, bere ibilbide artistikoari loturiko dokumentazioa (pertsonala, sorkuntzari dagokiona nahiz profesionala) biltzen zuten artxibo eta karpeten zazpi kutxako funts dokumental bat dohaintzan eman zion museoari. Funts horretan, garrantzi berezia dute 80ko hamarkadaren amaieratik 2000. urtearen hasierara bitarteko praktika feministei, kontzeptualei eta diziplinartekoei buruzkoek.
Funtsa katalogatzeko lanak amaituta, dagoeneko eskuragarri dago museoaren webgunean, sorkuntza artistikoaren eta testuinguru sozialaren arteko erlazioan eta arte garaikideko narratiba pertsonalen eta kolektiboen uztarketan sakontzeko, “interes bereziko gaiak biak ere Intxaustiren ibilbidean”.
Azkenik, Jose Felix Gonzalez Placer artistaren familiak museoari dohaintzan eman zion haren funtsa 2021eko irailean; “gazterik hil zen artista, baina funts oparoa osatu zuen, beste material batzuen artean bildurik animazioko proiektuetara zirriborroak, idatziak, storyboardak eta apunteak, ohar-koadernoak edo askotariko dokumentazioen karpetak, Leioako Arte Ederren Fakultatean irakasle egindako etapakoak batzuk”.
Euskal Herriko animazio esperimentaleko zinema, praktika grafikoen, idazketaren eta ikus-entzunezko artearen arteko erlazioak nahiz 1990eko hamarkadako gizarteko testuingurua eta garai hartan gertatutako “hiesaren krisia” aztertzeko funtsezkoa den corpus hau lehengoratu eta katalogatu du Dokumentazio Zentroko lantaldeak azken urteotan.