Bilduma 2017tik dago publikoaren eskura museoan, komodatu akordio bati esker. Gaur egun 3143 ale ditu.
San Telmo Museoak Gabriela Cendoya Bergaretxeren (GCBC) argazki-liburu bilduma erosi du, 2017tik bere liburutegian kontsulta daitekeena bi aldeek sinatutako komodatuari esker. Funts berriak STM-GCBC argazki-liburu bilduma izena hartuko du eta une honetan 3425 liburuk osatzen dute; horietatik 3143 Cendoyaren bildumakoak dira eta 282 komodatua hasi zenetik museoak erositako aleak dira.
Museoak azal duenez, “bilduma garaikidea, nazioartekoa eta oso eklektikoa da, eta arreta berezia eskaintzen die autoedizioei, tirada txiki eta ia bakarreko argazki-liburuei eta emakumeek egindako argazkigintzari. Gainera, pisu berezia dute argazkilari japoniar eta latinoamerikarren lanek. Europako argazki-liburu bilduma garrantzitsuenetako bat da, eta gaur egun aurkitu ezin diren aleak ditu”.
Donostiako museoarentzat “oso interesgarria da hainbat arrazoirengatik, horien artean azpimarra daiteke, alde batetik, Arte Ederrekin, argazkigintzarekin eta sorkuntza garaikidearekin duen harreman zuzena; eta, bestetik, lantzen dituen gaien aniztasuna, horietako asko gaurkotasun handikoak (migrazioak, gerrak, feminismoa, abortua, zahartzaroa, transexualitatea, klima-aldaketa, adimen artifiziala…) eta museoaren Erronkak programarekin zuzenean lotura dutenak”.
Bilduma 2017an museoan sartzeak ekarri duen esperientzia baikorraren ondoren eskuratu da. “Urte hauetan zehar funtsa handituz joan da, gaur egungo 3143 aleetara iritsi arte. Cendoyak eta museoak elkarrekin egindako lanaren ondorioz sendotu egin dira jarduera programazioa, museora datorren publiko espezifiko bat eta horrelako bilduma batek espazio publiko batean duen eskaintzaren garrantzia”.
Hala, bi aldeek faktore horiek guztiak museorako bilduma hori 300.000 euroan erosteko baloratu dituzte. “Egunez egun handituz doa balioa”.
Aurrerantzean museoak gorde eta zabalduko duen “STM-GCBC argazki-liburu bilduma estatu espainiarreko aberatsenetakoa” dela adierazi dute. Horrek San Telmo argazki-liburu bildumak ere badituzten lehen mailako beste museo eta arte zentro batzuekin parekatzen du
Museoko liburutegia, museoan eta bertan lantzen diren gaietan espezializatua, argazki-liburu bilduma bat duen autonomia erkidegoko toki publiko bakarra da, eta horrek garaikidetasun eta espezifikotasun handiagoa ematen dio.
Argazki-liburua bera pertsona askorentzat museora sartzeko atea izan da, batez ere, gazte eta heldu gazteentzat, eta gero eta gehiago dira liburutegira funtsa kontsultatzera hurbiltzen direnak.
Aurrerantzean, orain arte bezala, museoak bilduma liburutegian publikoaren eskura jartzen jarraituko du, argazki-liburuaren unibertsoa zabaltzeko aurkezpenak eta tailerrak antolatuko ditu, eta bildumako piezak museoko erakusketetan sartzen jarraituko du, argazkilari artisten ikuspegia osatzeko eta horietako bakoitzean lantzen diren gaiei gehitzeko.
Era berean, museoak bere argazki-liburu bilduma handitzen jarraituko du, aurrekontuetan diru kopuru bat eskainiz.