(argazkia: Tabakalera)

Ikusmira Berriak programaren hamar urteko ibilbidea jasotzen duen liburua kaleratu dute

Lanak edizio bakoitzeko zinemagileei egindako hamar elkarrizketa biltzen ditu, eta baita material grafiko ugari ere.

Donostiako Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Querejeta Zine Eskolak babestutako Ikusmira Berriak egonaldi-programaren barnean, ikus-entzunezko sorkuntzari eta talentu emergenteari laguntzeko hamarkada bateko lana biltzen duen liburua aurkeztu dute. Ikusmira Berriak 2015-2025 da lanaren izenburua, eta programaren hamar edizioetako gonbidatuen eta programa ahalbidetu duten erakundeen testuak biltzen dira, bai eta haren ordezkari diren zinemagileei egindako elkarrizketak ere.

Argitalpenak, hamarkada bateko laguntza ospatzeaz gainera, programatik igaro diren filmen inpaktuaren testigantza ere jasotzen du. Hala, batera eginiko ibilbide batean jartzen du arreta, zeina ezin baita ulertu historian zehar parte hartu duten zinemagileak kontuan hartu gabe.

Hala, egoitza babesten duten hiru erakundeen artikuluekin abiatzen da liburua: Maialen Beloki Berasategi Zinemaldiaren zuzendariordea; Carlos Mugiro EQZEko zuzendari akademikoa; eta, Tabakaleraren aldetik, Clara Montero Tellechea, Kulturako zuzendaria; eta Sara Hernandez Askasibar Ikus-entzunezko Programaren koordinatzailea. Belokiren hitzetan, “hamargarren urteurrenean, balantzea egitea dagokigu”. Zenbakiei erreparaturik, programan 1.800 proposamenek baino gehiagok eman dute izena. Guztira ikus-entzunezko 56 proiekturi eskaini zaie babesa. Horietatik 28 amaitu dira, eta zinema-jaialdien nazioarteko zirkuitu zabal batean hautatu dituzte. Besteak beste, aintzatespen hauek jaso dituzte: Cannesko Hamabostaldiko Europako Film Onenaren sari bat, Veneziako Bienaleko Orizzonti saileko Epaimahaiaren Sari Berezi bat, Berlinaleko Encounters saileko FIPRESCI sari bat, DocLisboa jaialdiko Film Onenaren sari bat, Iruñeko Ikuspuntu jaialdiko Film Onenaren sari bat, Veneziako Kritikaren Asteko Ekarpen Tekniko Onenaren sari bat, Goya sari bat, sei Gaudi sari, eta, Donostiako Zinemaldiaren barruan, Euskal Zinemaren Irizar Sari bat, bi aipamen berezi Zabaltegi-Tabakaleran eta Urrezko Maskor bat.

“Ondorio kualitatiboen artean, baiezta daiteke, batetik, filmak programatzeko zirkuitu horrek eta lortutako sariek label bilakatu dutela Ikusmira Berriak programa, eta arreta handiz begiratzen diotela sektoreko eragileek”.

Bestetik, egoitza-programa baliagarria izan da euskal zineman belaunaldien arteko erreleboa egiteko, batez ere emakumezko euskal zinemagileekin (Maider Oleaga, Amaia Merino, Arantza Santesteban, Jaione Camborda, Irati Gorostidi, Mikele Landa eta Maria Elorza, besteak beste).

EQZEko zuzendariak George Steiner aipatu du eskolaren ideala aldarrikatzeko: “Eskola horretan ikasleak baimena izango luke akats handi bat egiteko; alegia, itxaropena izateko”. Muguirok ondorioztatzen duenez, “egiaz, ez dago itxaropen ariketa handiagorik, oraindik existitzen ez den film bat imajinatzea baino. Eskola deitu ala ez (izan daiteke eskola ondokoa, eskola ideala, eskola transmutatua), Ikusmira Berriak da leku hori”.

Tabakalerako Clara Monterok eta Sara Hernandezek gogorarazi dutenez, berriz, “laguntza ez da mugatzen egoitzaren aldira”. Aitzitik, Ikusmira Berriak sailean “harremana jarraitua da, eta horrek egoitzaren garapen optimoa ahalbidetzen du. Horrek erraztu egiten die sortzaileei sorkuntza puntualetik irtetea eta ikus-entzunezkoen industrian karrera bat eraikitzeko trantsizioa egitea”.

Era berean, industria zinematografikoko profesionalek ere parte hartzen dute liburuan: Albertina Carri zinemagileak, Eugenia Mumenthaler ekoizleak eta Carlo Chatriain programatzaileak (Berlin eta Locarnoko jaialdien zuzendari ohia eta Turingo Zinema Museoko egungo arduraduna). Horiek guztiak lehen hautaketako batzordeko kide izan dira edo tutore-lanetan aritu dira. Era berean, Victor Iriartek ere parte hartzen du, zeinak programaren sorreran esku hartu baitzuen. Carriren arabera, “Zinemagile berriei beren ahotsa aurkitzeko odisean laguntzea funtsezko alterazioa da gero eta alienatzaileagoa eta enkriptatuagoa bihurtzen ari den kontsumo-sistema batean”. Ildo beretik mintzo da Mumenthaler: “Programari esker, kontakizun berrietan barna ibil daiteke; haietan, gizartea ordezkaturik sentituko da, oro har, garaikidetasunetik abiatuta sentituko da kuestionatuta”.

Bestalde, Chatrianek ondo gogoan du bere lehen inpresioa: “Aztertu nituen proiektuak apartak ziren arren, energia sortzaile partekatua izan zen feedback indartsuena. Nolabait esateko, zinema-jaialdien mendean erortzen hasi nintzenean izaniko sentsazio kutsakor bera izan nuen: kanpoko munduaren kaosetik at, iruditzen zitzaidan zerbait forma hartzen ari zela, hemen eta orain”. Iriartek berariazko gonbidapen bat egiten du: “Etorkizuneko zinemagileek etxea eta abezea aurkituko dute hemen. Egin magia. Asmatu hitzak eta filmak. Bizi. Egin su”.

Zinemagileei egindako elkarrizketak

Liburuak barnean hartzen ditu edizio bakoitzeko zinemagileei egindako hamar elkarrizketa. Halaber, sortze-prozesuei, erreferentziazko zinemagileei eta film inspiratzaileei buruzko galderak eta erantzunak biltzen dira, bai eta egoitzari lotutako oroitzapenak ere: Xacio Baño (2015), Kiro Russo (2016), Helena Giron eta Samuel M. Delgado (2017), Arantza Santesteban (2018), Raven Jackson (2019), Jaione Camborda (2020), Eduardo Crespo (2021), Meritxell Colell (2022), Naomi Pacifique (2023) eta Mikele Landa (2024). “Hainbat lekutatik etorritako zinemagileak —izan toki horiek lurraldeak, belaunaldiak edo emozioak—, bulkada berak partekatzen dituztenak: hau da, zergatik eta zertarako egin zinema”. Halaxe jasotzen du Ikusmira Berriak sailaren arduradun Maialen Franco Davilak epilogoan. Hain zuzen, hark koordinatu du Diego Zarrabeitiak diseinatutako liburukia.

Testuez gainera, liburuak material grafiko ugari du: egindako proiektuen fotogramen irudiez gain, ageri dira storyboard baten zatiak, eskuz idatzitako apunteak dituzten gidoi-orriak, argazkiak, oharrak, marrazkiak eta are herbario baten zatiak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna