Asier Altuna zinemagileak Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren benetako istorioan oinarrituta eta Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian (Susa, 2016) inspiratutako filma pantaila handira eraman du.
Karmele du izena Asier Altuna zinemagileak gaur, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean (lehiaz kanpo) estreinatu duen filmak. Zinemagile bergararrak Jone Laspiur, Eneko Sagardoi, Javier Barandiaran eta Nagore Aranburu aktoreak, besteak beste, eta Kirmen Uribe bera izan ditu alboan filmaren aurkezpenean.
Altunak azaldu duenez, “40ko hamarkadaren amaieran, agintari frankistek Ondarroako arrantzale bati arrantzara irtetea debekatu, eta ontzia konfiskatu zioten. Duintasun eta errebeldia ekintza batean, arrantzaleak familia ontziolan eraikitako ontziari su ematea erabaki zuen egun batean. Kirmen Uribe idazleak Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian berreskuratu zuen bere jaioterriko pasarte hau”.
Arrantzale haren alaba Karmele da, istorio honetako protagonista: tropa frankistek etxetik bota zuten, familiarekin batera, eta muturreko egoerei jarrera irmo eta konprometituarekin aurre egin behar izan zien. “Bere idealekin koherentea, Karmelek ez du inoiz zalantzan jartzen bere askatasuna berreskuratzeko borroka egitea, eta, horrekin batera, bere nortasuna eta mundua ulertzeko modua. Emakume ausarta izan zen, eta gerrari eta faxismoari armekin aurre egin beharrean, kulturaren eta hezkuntzaren bidez aurre egitea erabaki zuen”, azaldu du zuzendariak.
Altunak nabarmendu duenez, “Karmele gutaz hitz egiten duen istorio bat da, gure aitona-amonez, askatasuna babesteko borrokatu ziren emakume eta gizonez. Haiengandik jaso dut biziraupen kolektiborako behar sakon bat: kide izatearen sentimendua, memoriarekiko konpromisoa eta komunitate bat bakar egiten duen horri eusteko borroka. Eta ondare hori etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko erantzukizuna ere bai”.
Karmele urriaren 10ean iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara.