Irudi berrituarekin baina erabileraren aldeko ekarpena egiten jarraitzeko helburuarekin abiatuko da ikasturte berria.
Zabalik da Taupa euskaltzaleen mugimenduak, lehen Topagunea, urtero antolatzen duen Mintzapraktika egitasmoaren izen-ematea. Hala, Eta euskaraz egiten badugu lelopean, aurten ere ikasturte berri bati ekingo diote milaka lagunek Euskal Herriko txoko ezberdinetan. “Egitasmoaren funtzionamendua oso sinplea da: euskaraz ondo moldatzen den pertsona bat, hizkuntza maila hobetu nahi duten lagun talde batekin elkartzen da eta hainbat gaien inguruan mintzatzen dira partekatzen duten denbora tarte horretan. Maiztasuna, normalean, asterokoa izaten da, baina, geroz eta gehiago, parte-hartzaileen nahi eta beharretara moldatzen diren taldeak sortzen ari dira, egitasmoaren malgutasunaren erakusle”, azaldu dute Taupako kideek.
Nabarmendu dutenez, “bada Mintzapraktika kafetegi batean, kafe baten bueltan egiten jarraitu nahi duenik, baina azken urteetan zehar batez ere, ikusi da Mintzapraktika beste zaletasun batzuekin erabat bateragarria dela. Euskara praktikatzeko ez dugu gure gogoa besterik behar, baina aldi berean, beste edozein osagarrirekin lagundu dezakegu: Yogako esterila, kakorratzak, mendiko botak, boxeoko eskularruak, bizikletak, mahai jolasak…”.
Horren erakusgarri dira azken ikasturtean martxan jarri diren talde berriak, hala nola, irakurle edota antzerkia euskaraz ikusteko taldeak eta baita herriek elkarren ereduak jarraituz martxan jarri dituztenak ere. “Mintzapraktikak eskaintzen dituen aukerak amaigabeak dira, euskaraz bizi nahi duen pertsona orori horretarako tartea eta aukera eskainiz, bere beharrizan, egoera eta interesetara egokituz”.
2024ko abenduan Taupa euskaltzaleen mugimendua jaio zen, Euskal Herriko euskaltzaleak antolatzeko eta euskararen aldeko ekarpena egiteko aukera eta modu berriak eskaintzeko grinarekin. Horietako bat da, hain zuzen, Mintzapraktika. Izan ere, “egitasmo honetan dabiltzan milaka lagunek ekarpen oso garrantzitsua egiten diote euskararen biziberritze prozesuari. Benetako aktibista linguistikoak dira eta musutruk, modu boluntarioan eta bere onena emanaz egiten duten ekarpen hau, behar-beharrezkoa dugu erabileran aurrerapausoak ematen jarraitzeko”.
Taupak zehaztu duenez, “euskararen alde modu askotan aktibatu gaitezke: lehen hitza euskaraz esanaz, euskara elkarteetan parte hartuz, manifestazioetara bertaratuz eta nola ez, Mintzapraktikan izena emanez. Beraz, proposamen honek zerbait mugitzen dion pertsona orok, gaurtik aurrera izena eman dezake www.taupamugimendua.eus/mintzapraktika webgunean edota bere herriko euskara elkartean edo euskaltegian”.