Patxi Bisquerten ‘Ombuaren itzala’ filmak gaur izango du nazioarteko estreinaldia Donostiako Zinemaldian

Principe Zinema aretoetan izango da lehen proiekzioa, arratsaldeko 19:00etan. Patxi Bisquert zuzendaria eta protagonistak aurkezpenean eta solasaldian izango dira. Bihar, ostirala, bigarren emanaldi bat eskainiko da Antiguo Berri Zinema aretoetan, 20:15ean. 

Euskal Herriko hainbat txokotan proiektatu bada ere, Ombuaren itzala filmak gaur izango du nazioarteko estreinaldia, Donostiako Zinemaldian. Patxi Bisquert zinemagile zizurkildarra aritu da zuzendari lanetan eta Pello Mari Otaño (Zizurkil, 1857 – Rosario, 1910) poeta eta bertsolaria da protagonista nagusia.

Otaño Zizurkilgo Errekalde baserrian jaio zen, bertsolariz osaturiko familia txiro batean. Bertso paperengatik zen ezaguna, baina poesia ere landu zuen.

Joseba Usabiaga aktorea da Otañoren azalean ageri dena pelikulan. Bertsolariak zerbitzu militarra egin nahi ez zuelako egin zuen ihes Argentinara lehenengoz. 33 urterekin gaixotu eta Gipuzkoara itzuli zen. Madalen Alberdi (Sara Cozar) ezagutu, ezkondu eta Donostian finkatu ziren. Hainbat literatur lehiaketatan parte hartu eta bere konposizio poetikoengatik nabarmendu zen. Ezin zuenez bere familia eta izaera politikoa –liberal errepublikano eta foruzalea– mantendu, Argentinara itzuli zen azken aldiz emaztearekin eta hiru seme-alabekin. Argentinan lortu zuen Otañok ospe handiena bertsolari-poeta gisa.

Auzolanean ondutako filma

Ombuaren itzala zinemagintzan batere ohikoa ez den proiektu bat dela dio lantaldeak. Izan ere, finantzazioa lortzeko auzolan kanpaina abiatu zuen Bizquertek: udalak, kultur-elkarteak, ikastolen federakuntza, eta hezkuntza publikoko sarea inplikaturik ekoizpenean. Eta, aldi berean, proiektuari herri-atxikimendu zabala lortzeko asmoarekin.

Zinemira saila

Estreinaldia Donostiako Principe Zinemetan izango da, arratsaldeko 19:00etan. Zuzendaria eta protagonistak aurkezpenean eta solasaldian izango dira. Bihar, ostirala, bigarren emanaldi bat eskainiko da Antiguo Berri Zinema aretoetan, 20:15ean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna