Sormene plaza urriaren 4tik eta 12ra izango da Galdakaon

Maialen Lujanbiok rr_6_erre(AH)ala ekarriko du Galdakaora, eta Asier Altuna zinemagileak Karmele pelikularen proiekzioaren ondoren solasaldian parte hartuko du.

Sormeneren edizio berria urriaren 4a eta 12a bitartean egingo da, Torrezabal Kultur Etxean, Gandasegiko arkupeetan eta Urretako Topagunean izango diren hainbat ekimenekin. 2020an sortu zenetik, euskarazko kultur sorkuntza mota guztietarako plaza irekia bihurtu da jaialdia, arlo horretan Galdakao erreferente bilakatuz. Prentsaurrekoan aurkeztu dute zortzigarren edizioa Izaskun Barbarias Euskara zinegotziak, Ane Legarreta orkestra zuzendari galdakaoztarrak eta Jon Agirresarobe euskara teknikariak.

Antolatzaileen esanetan, “espazio inklusiboa da Sormene, sortzaile berriek eta ibilbide luzedun artistek, emakume sortzaileek eta arte garaikide zein tradizionalaren adierazpenek bat egiten duten gunea”. Izaskun Barbariasek azaldu duenez, “identitatea, transmisioa eta aniztasuna ardatz hartuta jaio zen, eta edizio bakoitzean euskararekiko eta euskal kulturarekiko konpromisoa zabaltzen eta sakontzen jarraitzen du, lau lan ildoren bitartez: sormena, plazak, komunikazioa eta transmisioa”.

Azken edizioetan transmisioan jarri da arreta, Galdakaoko eta Euskal Herriko eragileengan kezka zabaldua delako. Zentzu horretan, euskal kultura belaunaldi berriei zabaltzeko lanak jarraitzen du, eta aurtengo edizioan genero berritzaileak txertatu dira, hala nola, musika elektronikoko tailerrak eta opera baten sorkuntza prozesuaren inguruko aitorpenak. Jon Agirresarobek zehaztu du helburua ez dela soilik sormena bultzatzea, “baizik eta publiko berrietara iristeko bideak bilatzea ere”.

Ildo horretan, Garai eta gizarte likidoak izena hartu du aurtengo edizioak. Horrela, ziurgabetasun garaiari zuzendutako sorkuntza bultzatu eta gonbidatu nahi izan du Galdakaoko Udalak, erreferente sendoen galera, gizartean egoteko eta militatzeko modu berriak, harreman iraunkorrak eraikitzeko zailtasunak, estresa eta antsietatea, kontsumoa ihesbide gisa… bezalako gaiak landuz. Guzti hori zazpi ikuskizunetan garatuko da, ikuspegi ezberdinetatik abiatuta, hitza oinarri duten ikuskizunen, zinemaren, dantzaren eta bestelako adierazpideen bitartez.

Sormena guztiontzat

Urriaren 11n, herriko literaturgileek emanaldi literarioa eskainiko dute Gandasegiko arkupeetan, Sandra Fernandez musikaria ondoan dutela. Edizio honetarako propio idatzitako testuak irakurriko dituzte, Leidu irakurle taldearekin elkarlanean mimo handiz prestatutako ekitaldian.

Ekitaldiaren ostean oparituko ditu Leiduk ekitaldian parte hartuko dute idazleen liburuak Liburuak opari ekimenean.

Euskal Herrian ezagunak diren hainbat izen ere izango dira Galdakaon, bertoko sortzaileez gain: urriaren 7an, Maialen Lujanbiok rr_6_erre(AH)ala, bere errezitaldi poetiko-bertso-performatibo-irakurri ikus entzutekoa, aurkeztuko du, eta urriaren 12an Karmele filma ikusteko aukera egongo da Torrezabal Kultur Etxean. Asier Altuna da zuzendaria eta Galdakaon bertan izango da, proiekzioaren osteko solasaldian. 1937an girotutako filmak edizio honetako gai nagusiarekin bat egiten du, gerraren eta erbestealdiaren testuinguruan euskal kulturak izan duen zereginari buruzko hausnarketa eginez.

Haurrei zuzendutako jarduerak

Denak ez dira, ordea, helduei bideratutako proposamenak izango; jaialdiari hasiera emateko Semaforoa haurrentzako ikuskizuna izango da, Logela Multimedia konpainiaren eskutik, urriaren 4an. Bestalde, urriaren 9an, Exodus operaren inguruan solasaldia egingo da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna