(argazkia: Kontadores)

Donostiako Kontadores Gazte Zentroak gazteei zuzendutako hainbat ikastaro eskainiko dit

Aurten, berrikuntza gisa formatu txikiko proposamenak ere izango dira. Pilulak izena hartuko dute arratsalde bat iraungo duten eskaintza hauek.

Udazken honetan ere Kontadores Gazte Zentroak gazteei zuzendutako hainbat ikastaro eskainiko ditu. Urria eta martxoa bitartean, 85 plaza eskainiko dira sei laborategi eta pilula kulturaletan banatuta. “Proposamenak gazteen interesak, beharrak eta zaletasunak kontuan hartuta programatu dira, beren poltsikora egokitutako prezioekin”, adierazi dute antolatzaileek.

Aurtengoan, gainera, berrikuntza batekin datoz. Ohiko laborategi luzeez gain, formatu txikiko proposamenak ere eskainiko dira. Pilulak izena hartuko dute arratsalde bat iraungo duten eskaintza horiek. “Gai edo diziplina zehatzen inguruko prestakuntzak edo sorkuntza esperimentazioez gozatzeko arratsalde paregabeak izango dira”, aurreratu dute.

Hala, udazken honetan, sorkuntza artistikoari eskainitako laborategiak nabarmentzen dira. Antzerkia, argazkilaritza, dantza, diseinua eta zeramika landuko dira, besteak beste.

Elkarlanean osaturiko proposamenak ere egongo dira. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Treba Gazteak programari esker sexualitatea, ongi-izate emozionala eta begirada kritikoa landuko dira zazpi pilula desberdinetan.

Era berean, Gazteriaren Kontseiluarekin batera emantzipazioa gaia lantzeko, Nire lehen katilua, nire lehen etxea pilula eskainiko da.

Horrez gain, dantzaren inguruko pilulak ere izango dira. Horien artean, esaterako, IX. Indarkeria matxistak nerabezaroan jardunaldiaren baitan, dantzatzeko tailerrak eskainiko dira Kontadoresen: twerk, afrodance, burlesque eta vogue.

Antolatzaileek adierazi dutenez, “elkarrekin eta gozamenetik aritzeko espazioak izango dira, zentzumenetatik ikasteko eta gaitasunak zabaltzeko. Gazteak mugimendutik, sormenetik eta euren ongizatetik erlazionatzeko espazioak sortzea da helburua. Laborategietan zehar, nork bere burua ezagutzeko, taldean gozatzeko eta sormen-prozesuak partekatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek”.

18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako dira proposamenak. Donostian erroldatutakoek lehentasuna izango dute, dena dela, eskaintza adin tarte horretarako diseinatuta dagoen arren, tokirik geratzen bada eta beste pertsona batzuek ere parte hartzea egoki bada, 18 urte baino gutxiago eta 30 urte baino gehiago dutenek ere izango dute parte hartzeko aukera.

Zabaldu:

Utzi erantzuna