Taupak Gau Beltzaren inguruko doako online formazio saioa eskainiko du urriaren 22an

Formazio saioa Nere Erkiaga Hil Arte Bizi proiektuko arduradunak eta Edurne Mitxeo idazleak emango dute eta, ospakizun gisara, GAU BELTZAK heriotzarekiko hurbilketa soziala egiteko ematen duen aukera izango dute hizpide.

Taupa euskaltzaleen mugimenduak Gau Beltzaren inguruko doako online formazio saioa eskainiko du urriaren 22an, arratsaldeko 18:30ean. Saioa edonori zuzenduta egongo da eta Gau Beltza ospakizunaren inguruko ezagutzan sakontzea du helburu.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, “aurtengo saioan, ospakizunak daukan alde ludikoaz gain, Gau Beltzak heriotzarekiko hurbilketa soziala egiteko ematen duen aukeraz hitz egingo da”.

Gaineratu dutenez, “heriotza oso presente dago bai ospakizunaren jatorrian zein dituen ezaugarri eta iruditegian. Gaur egun, ordea, heriotzari bizkar emanda bizi gara; gertakari antinatural bat balitz bezala. Bada, hildakoekin zein heriotzarekin egungo gizarteak dituen hartu-emana berdefinitzeko gakoak ematea du helburu 2025eko formazio saioak”.

Nere Erkiaga Hil Arte Bizi proiektuko arduradunak heriotza modu sanoagoan bizitzeko aholkuak eta gaiaren inguruko tabu eta  beldurrez hitz egingo du.

Bestetik, natur zikloei lotutako errito gisa, Gau Beltzaren testuinguruan heriotzaren gaia nola landu eta hilkortasunaren inguruko hausnarketa egiteko jaiak ematen duen aukeraz mintzatuko da Edurne Mitxeo idazlea.

Taupak adierazi duenez, “zabalkunde izugarria izan du azken urteotan Gau Beltzak, eta geroz eta gehiago dira Euskal Herri osoan ospakizunera biltzen diren herritarrak. Zentzu honetan, oraindik ere Gau Beltza antolatzen ez duten herriei saioan parte hartzeko gonbita luzatu nahi diegu”.

Interesa duenak gaubeltza.taupamugimendua.eus webgunean eman ahal izango du izena.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna