Idazleak azaldu du Auzokinak ariketatxo poetiko bat izan dela, “ariketa hori etxetik irten, igogailua hartu, atarira jaitsi eta auzoaren parez pare jartzea izan da, begirada poetiko batetik”.
Gorka Erostarbe kazetari eta idazleak Auzokinak poema liburua kaleratu du Elkar argitaletxearen eskutik. Auzoaz dihardu egilearen lehen poemategi honek eta bizitza puskaz osaturiko auzoaren begirada poetiko bat eskaintzen dio irakurleari. Azaldu duenez, “Auzokinak ariketatxo poetiko bat da. Ariketa hori etxetik irten, igogailua hartu, atarira jaitsi eta auzoaren parez pare jartzea izan da, begirada poetiko batetik”.
Erostarbek poetizatzeak ez duela esan nahi idealizatzea nabarmendu nahi izan du, “hemen gurutzatzen dira iturriak, frontoi hutsak, farmaziak, hilerriak… baina baita auzoko jende eta auzokideak ere, eta, noski, beraien ezinak, minak, arrakalak eta gainerako zenbait bizipen. Azken finean, auzoaren minak gure minak dira, munduaren minak… eta hori izan da ahalegin handiena. Inguruko eta gertuko zera hori nola edo hala poetizatzea”.
Hala, Elkar argitaletxearen esanetan, “hurbilekoaren bindikazio poetiko bat da Auzokinak: auzoarena, eremu geografiko gisa, baina hortik gora beste hainbat gauza ere bai: xumetasunaren gorazarre bat, giza harremanak estutzeko dei bat, bizimodu geldoagoa eta denbora gehiago izateko eskea, naturaren eta naturaltasunaren laudorioa; hori guztia eta gehiago, pop pilula batzuekin eta xamurtasun eta umore dosiekin batera”.