Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren ilustrazioa modalitateetako irabazleak izan dira, hurrenez hurren, Francesco Pasqualeren bosgarren arima, Aitona Floren eta Traba lanengatik.
Eusko Jaurlaritzak ezagutzera eman ditu Euskadi Literatura Sarietako aurtengo lehenengo hiru irabazleak: Euskarazko Literatura atalean Unai Elorriagak eskuratu du Francesco Pasqualeren bosgarren arima lanagatik. Epaimahaiarentzat “apustu literario sendoa egiten du, nobelaren eta narrazio liburuaren artean mugituz eta puzzle handi eta iradokitzaile bat osatuz. Protagonistaren inguruko hainbat narrazio harilkatu dira, XX. mendeko Europa ekialdeko idazle zenbaiten estiloan, eta kontakizuna Italia hegoaldetik Euskal Herrira doan bitartean pertsonaia bizidunen bizipen eta istorio askotarikoak jasotzen ditu, gordintasunari ihes egin gabe. Idazleak baliabide narratibo ugari modu eraginkorrean erabiltzen ditu, eta irakurketa aktiboa eskatzen du liburuak, irakurlearen esku geratuz hariak jostea eta elipsiak betetzea”.
Euskarazko Haur eta Gazte Literatura modalitateko epaimahaikideek, berriz, aurtengo Euskadi Literatura saria Karmele Mitxelenari ematea erabaki dute. Nabarmendu dutenez, “Aitona Floren dramarik gabe, oso hurbileko kontakizun batean heriotza eta dolua lantzen ditu, haur protagonistaren ahotsetik abiatuta, monologo erabatekoa eta zuzena eraikiz. Pertsonaia kopuru txiki eta zertzelada arinetan oinarritutako eraikuntza kontakizunaren arintasuna, intimitatea eta hausnarketarako bidea bermatzen du. Liburu honek barne-hizketaren erabilera bereziki nabarmentzen du, gizarte isolatuago batean horren garrantzia eta beharra adieraziz”.
Azkenik, Maite Rosenderen Traba lanaren inguruan epaimahaiak uste du proposamen ausarta dela kolore aukeraketari eta irudien figurazioari dagokionez. “Oinarrizko hiru koloreez gain, beltza eta morea erabilita, album bizia eta erritmikoa sortu du, irudi kaotikotik lasaiagora salto eginez eta lerro berezi garbi batekin. Testuak eta irudiak maisuki bat egin dute, eta liburuaren kutsu espresionista publiko guztiarentzat egokia da, zintzoa, zuzena eta bizipozerako dei egiten duena”.
Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, “hitzak dira gure etxea, eta euskal literatura gure memoriaren eta etorkizunaren arteko zubia da. Saritutako hiru lanek erakusten dute kultura ez dela osagarri bat, bizitzeko eta ulertzeko modu bat baizik. Horregatik, gaurko aurkezpena euskal literaturara hurbiltzeko eta gure sortzaileen dohainaz gozatzeko gonbita ere bada”.
Sariak
Datorren azaroaren 26an banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak, Donostiako San Telmo Museoan egingo den ekitaldi batean. Egun horretan zazpi modalitateetako irabazleak bilduko dira. Datorren astean gainontzeko lau modalitateetako irabazleak emango dira aditzera: Literatura Gaztelaniaz, Saiakera Euskaraz, Saiakera Gaztelaniaz eta Euskarazko Literatura Itzulpena.
Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.