Dantza garaikidea eta tradizionala, bertsolaritza, antzerkia eta zuzeneko musikak (txalaparta, rapa edo elektronika) uztartzen dituen gogoeta sortzailea da EzBerdin Berdinak. Euskal Herri osoan izango da bira, urriaren 24an Bilbon hasita, abendura bitartean, zazpi saio esklusiboetan.
Eusko Ikaskuntzak Kukai Dantza Taldearekin eta hainbat diziplinatako euskal sortzaileen talde zabal batekin elkarlanean bultzatutako hausnarketa sortzailea da EzBerdin Berdinak.
Iñaki Zabaleta Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusiak azaldu duenez, “Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren legatu gogoetatsuari zabalkundea eta jarraipena eman nahi diogu”. Kongresu horrek, 2024ean, hizkuntza artistikoari helarazi zizkion identitateari, euskarari, aniztasunari eta etorkizun partekatuari buruzko gogoetak, ikuspegi ireki eta inklusibo batetik.
Zabaletak gaineratu duenez, “euskal nortasunari buruzko hausnarketa kolektiboa sustatu nahi da, euskal kulturan oinarritutako proposamen artistiko berritzaile batetik abiatuta, belaunaldien arteko elkarrizketa eta lurralde-kohesioa bultzatuz”.
EzBerdin Berdinak ez da ohiko ikuskizun bat, “esperientzia bat baizik, identitatearen, elkarbizitzaren, euskararen eta abarren inguruko hausnarketa sustatuko duena. Nola hitz egiten dute tradizioak eta modernitateak, belaunaldiek eta lurraldeek? Zer egiteko dute euskarak eta kulturak gizarte plural eta aldakor batean?”.
Beraz, dantza garaikidea eta tradizionala, bertsolaritza, antzerkia eta zuzeneko musikak (txalaparta, rapa edo elektronika) uztartzen dituen gogoeta sortzailea da. “Estiloen eta diziplinen arteko fusioa, indarra eta emozioa transmititzen dituena, bai eta aniztasuna sortzetik eta euskaratik naturaltasun osoz batzeko gaitasun ikaragarria duena ere”. Besteak beste, Odei Barroso, La Furia, Leire Vargas, Mixel Etxekopar, Sabin Bikandi, La Pulga edo Jesus Herrera izango dira saioetan.
Publiko orori zuzendurik, Eusko Ikaskuntzak zorroztasun zientifikoa ematen dio EzBerdin Berdinak dinamikei, elkarrizketa errazteko eta ikusleen artean iritziak partekatu ahal izateko, modu arin eta atsegin batean. Gainera, bira amaitutakoan, prozesuan zehar jasotako inpresio eta hausnarketa guztiak begirada kritiko batetik bilduko dira 2026ko hasieran aurkeztuko den txosten batean.
Emanaldiak eta sarrerak
EzBerdin Berdinak ekimenaren bira Bilbon hasiko da, EITBren egoitzako 5. platoan, urriaren 24an eta 25ean, 19:00etan, eta Iruñean jarraituko du azaroaren 8an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko frontoian, 18:00etan. Ondoren, proiektua Donibane-Garaziko Jaï Alaï trinketera helduko da azaroaren 28an, eta abenduaren 12an Gasteizko Europa jauregira, 19:00etan. Bira Donostian amaituko da, abenduaren 19an eta 20an,
Tabakalerako patioan, 19:00etan baita ere. Antolatzaileek aipatu dutenez, “urriaren 25ean Bilbon, azaroaren 28an Donibane Garazin eta abenduaren 20an Donostian izango diren saioek formatu laburragoa izango dute”.
Sarrerak eskuragarri daude jada Eusko Ikaskuntzaren webgunean (www.eusko-ikaskuntza.eus). Honetan, hitzordu bakoitzari buruzko informazio praktikoa ere eskaintzen da.