Egitarauak larunbata eta igandea hartuko ditu eta, besteak beste, Herri kirolak eta Erronka, Korrontzi, Gozategi, Nafarroa 1512 eta Sorotan Bele taldeen kontzertuak, haurrentzako magia ikuskizuna eta jolasak, Kuxkuxtu eta Galtzagorri eta beste hainbat konpartsaren kalejira izango dira.
Nafarroa Oinez jaiak ibilbide berritzaile bat aurkeztu du urriaren 19rako, “ez da zirkularra, eta nahiko urbanoa da, herritarrei eta bisitariei esperientzia ezberdin bat eskaintzeko asmoz”, adierazi du antolakuntzak. Ibilbidea “guztiz inklusiboa” dela gaineratu dute, “2.800 metroko luzera du, oztoporik gabea eta guztiz asfaltatua. Horri esker, edozein adin eta gaitasuneko edozeinek erraz gozatu ahal izango du”.
Helburu nagusietako bat Nafarroa Oinez herrira gerturatzea da, eta horretarako, herriko kolektibo guztiei parte hartzeko deia egin diete.
Gainera, Ingurumen Batzordeak hainbat lan egin ditu ekitaldia jasangarriagoa izan dadin. Bizi oinez Bizin kanpaina horren adibide da, “jendea bizikletaz etortzera animatzeko, geoerreferentziatutako bizikleta ibilbide sare bat diseinatu da, Iruñerriko auzoak eta herriak ikastolarekin lotzeko”.
Mugikortasun jasangarriaz gain, aurtengo ediziorako adin guztientzako jarduera, ikuskizun eta kontzertu-sorta zabala prestatu dute, familia giroan gozatzeko. Egitarauak larunbata eta igandea hartuko ditu eta, besteak beste, Herri kirolak eta Erronka, Korrontzi, Xaibor, Gozategi, Nafarroa 1512 eta Sorotan Bele taldeen kontzertuak, haurrentzako magia ikuskizuna eta jolasak, Kuxkuxtu eta Galtzagorri eta beste hainbat konpartsaren kalejira.
Berritasun gisa, Oinezescape jarduera antolatuko dute, “ibilbidean zehar, euskara eta euskal kulturaren alde jardun diren lagunen inguruko informazioa ezkutatuko da eta lortutako pisten bitartez nor den asmatu beharko da. Buruarekin pentsatu beharko da puzzle matematikoak ebazteko, bihotza erabili behar da nostalgiari eta oroitzapenari buruzko poemak deszifratzeko, eta oinekin mugitu behar dugu bidean barna hurrengo pista aurkitzeko” azaldu dute. 8 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako jarduera da eta egun osoan zehar jolasteko aukera izanen da hiru guneetan.
Ohi bezala, jateko eta edateko ugari izango da ibilbide eta guneetan zehar. Txosnaz gain, taloak, patata frijituak, kafea,… eta Benigno Mendia jantokian paella jateko aukera ere egongo da. Gainera, aurten, lehendabiziko aldiz txartelak aldez aurretik erosi ahalko dira, Nafarroa Oinez webgunearen bitartez. Halaber, glutenik gabeko eskaintza ere izango da.
Puntu Moreak
Nafarroa Oinez eremu segurua eta errespetuzkoa izan dadin, Puntu Moreak jarriko dira hiru gunetan, edozein eraso sexistaren aurrean erantzuna emateko eta aholkularitza eskaintzeko. “Jaiak aske bizi eta gozatu nahi ditugulako”.