[BIDEOA] Nisa Goiburu artistak ‘Latires’ eta ‘Genesis’ erakusketak ireki ditu Donostian

Ordiziarrak mende erdia darama artearen munduan lanean. Ibilbide zabal eta eklektiko hori erakusteko asmoz, Cristina Enea Fundazioak eta Sakana arte galeriak erakusketa bana ireki dute Donostian. Goibururen lana naturarekin, geometriarekin eta memoriarekin lotuta dago.

Nisa Goiburu (Ordizia, 1946) XX. eta XXI. mendeotan mundu osoan zehar erakusketak egiten aritu da eta mende erdia baino gehiago darama bere jardunean. Hala, Cristina Enea Fundazioak eta Sakana Galleryk Donostian ireki dituzten bi erakusketekin artista honen ibilbide zabal eta eklektikoa erakutsi nahi dute. Bere lana naturarekin, geometriarekin eta memoriarekin oso lotuta dago.

Donostiako Ingurumen Baliabideen Zentroan Latires izenekoa paratu dute eta Sakana Galleryn Genesis, elkarrengandik metro gutxira, beraz. Goibururen hitzetan, “berritasun eta erronka handia izan da lehenengo aldiz bi erakusketa aldi berean aurkeztea; bi erakusketa hain diskurtso ezberdinekin, baina hain osagarri era berean. Gainera, ekimen berezi honetarako propio landu berri dudan lana erakutsiko dut, ilusio handia egiten baitit, berrogeita hamar urte baino gehiago daramatzadalako etengabe sortzen, eta nire egungo lana ere erakutsi nahi nuen”.

Erakusketa hauek Euskal Herriko euskal artistarik emankorrenetako bat eta ibilbide piktoriko zabalenetako bat ezagutzeko aukera eskaintzen dute, nahiz eta hainbat hamarkadatan ahaztuta egon den: “Euskal artearen historiak indar berria hartuko du eta zabaldu egingo da ibilbide luzeko emakumezko figurak gehituta, hala nola Nisa Goiburu”, dio Paul Bihr Genesis erakusketako komisarioak eta Sakana Galleryko galeristak.

Zehazki, Goiburuk kolaboratu zuen lehen erakusketa 1966koa izan zen, GAUR talde historikoaren inguruan, artistak 20 urte besterik ez zituen eta erakusketa kolektiboa izan zen: “Euskal artearentzat mugarri izan zen garai historiko bateko azken erreferente eta protagonista zuzen baten aurrean gaude, Goiburu GAUR taldeakin erlazionatu baitzen eta hura jarraitu baitzuen. Besteak Beste, adierazgarria da Jorge Oteizarekin eta ondoren Vicente Ameztoyrekin izan zuen lagun harremana. Gainera, gaur egun ere jardunean jarraitzen du”, gehitu du Bihrrek.

Jatorri artistikora itzulera

Mende erdiko ibilbide artistikoak bermatzen du artista honen figura. Izan ere, hirurogeita hamarreko hamarkadan, zehazki, Cristina Enea parkean, pintura-ibilbidea hasi zuenetik. Horregatik itzuli da Goiburu parkera, hamarkada batzuk lehenago bere obrak sortzen hasi zen lekura bertara. “Erakusketa honek ilusio berezia egiten dit, alde batetik, artearen munduan berrogeita hamar urte baino gehiago direlako hainbat diziplinatan, hala nola pinturan, eskulturan eta poesia narratiboan, erakusketa honetan ikusten den bezala, eta, beste alde batetik, gaztetan margotzen hasi nintzen lekura itzultzen naizelako, parkea jendearentzat itxita zegoenean diktaduran, eta bertan sartzen nintzenean bertako paisaiak, zuhaitzak eta natura marraztu ahal izateko”, nabarmendu du Goiburuk. Hain zuzen, 1972an aurkeztu zuen bakarkako lehen erakusketa.

Izan ere, erakusketa begirada behatzaile eta introspektibo batetik sortua da, “presaka eta deskonexioan bizi garen honetan, Latires erakusketak naturarekin eta unibertsoarekin dugun loturari buruzko etenaldi eta hausnarketarako espazio bat irekiko digulako. Hala, Goiburuk esperientzia sentsorial bat osatu du, bizitza modernoaren aurrerapenak eta distrakzioak gorabehera, lurraren eta bere erritmoen zati banaezina izaten jarraitzen dugula gogorarazten diguna”, adierazi du Eneko Calvo Etxarte Fundazioko erakusketa arduradunak.

Erakusketak kolore, tamaina eta forma askotako berrogeita hamar bat artelan biltzen ditu, bai Goibururen beraren poemekin, bai Joaquin Araujo naturalista eta idazlearenarekin.

Sakana Gallery: atzera begirako artistikotasun hautatua

Hogei bat lanek osatzen dute Paul Bihrrek Sakana Galleryn antolatutako erakusketa. Bihrrek berak artistaren estudio-tailerrera egindako bisita batzuen ondoren gorpuztu dute erakusketa berria: “Joan nintzen lehen aldian harrituta geratu nintzen bere lanen kantitatearekin eta kalitatearekin; lan askotan eta ezberdinetan nabaritu nituen koloreek eta sentiberatasunak liluratu egin ninduten berehala, eta azkar asko planteatu nion bere lanik onenekin erakusketa bat egiteko aukera”.

Artistak azpimarratu duenez, erakusketa “berezia eta berritzailea da, lehen aldia da nire ibilbidearen atzera begirako artistiko hain desberdina eta korala aurkeztuko dudana. Gainera, uste dut Bihrrek aukeraketa zaindua eta egokia egin duela, nire pintura-karreraren alderdi deigarri eta indartsuenaren oso adierazgarri, 70eko hamarkadaren hasieratik gaur egunera arte”.

Hala, Bihrren helburuetako bat Goiburen ibilbide artistikoa berreskuratzea da, hainbat hamarkadatan “ahaztuta edo baztertuta” egon ondoren, “XX. mendean bera bezalako emakume asko alde batera utzi zituen merkatu baten ondorioz. Beraz, bere irudia berreskuratzeko unea da, Goiburu XX. mendean euskal artearen munduan gertatu zenaren adibide eta erakusle baita, non gizon artistek eta sektoreak -nahita ala ez- emakume artistak bigarren maila batean utzi edo zuzenean ahanzturara baztertu zituzten. Beraz, injustizia hori konpontzeko unea da, Goiburu bezalako emakumeak merezi duten lekuan jarrita eta garai hartan merezi zuten protagonismoa emanda. Euskal artearen historian hamarkadetan egon den hutsune handi hori bete behar dugu, emakumezko artisten hutsune horren handi hori estali; eta hori zuzendu egin behar da orain Nisa Goibururekin”, amaitu du komisariak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna