Irati Urreta EHUko irakaslea da parte hartuko duen hizlarietako bat (argazkia: Euskaltzaindia)

Mintzola Mintegia izango da azaroaren 6an Donostiako Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan

Mikel Perez, Oihana Lujanbio, Fernando Oiartzun, Alex Artzelus, Odei Guirado, Ines Azkarate, Libe Miner, Garazi Irastorza, Igor Yugueros eta Irati Urreta izango dira parte-hartzaleak.

Azaroaren 6an izango da Mintzola mintegia Donostian, hain zuzen, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan. Bertan aurkeztuko dira: batetik, aurtengo ikerketa-deialdietan saritutako gradu- eta master-amaierako lanen ondorioak; bestetik, berriz, aurten saritutako ikerketa-lan monografikoen helburuak eta iazkoaren ondorioak; eta azkenik, ahozko hizkera aztergai duten beste ikerketa-lan batzuk.

Parte-hartzaileei dagokienez, Mikel Perez, Oihana Lujanbio, Fernando Oiartzun, Alex Artzelus, Odei Guirado, Ines Azkarate, Libe Miner, Garazi Irastorza, Igor Yugueros eta Irati Urreta izango dira.

Sarrera doakoa izango da, baina bertaratu nahi duen orok aurrez eman beharko du izena, telefono honetara deituz: 943 428 050.

Hizlarien profilak

Mintegia goizez egingo da, eta hona hemen bertan parte hartuko duten hizlarien profil laburrak:

Mikel Perez Gonzalez Euskal Ikasketetan graduatua da eta Euskal Hizkuntzalaritzan eta Filologian masterduna. AEKn aritu zen irakasle lanetan eta EHUko Elebilan iker taldeko ikertzailea izan zen. Gaur egun, euskara aholkulari da Emun kooperatiban, baina ikerketa erabat alboratu gabe, Mintzolarekin elkarlanean ari baita kode-alternantziari buruzko galderei erantzun nahian.

Hain zuzen ere, ikergai horren inguruan arituko da azaroaren 6ko mintegian: Nolakoak dira eta nola mintzatzen dira kode-alternantziaren erabilera-eza edo erabilera oso apala aitortzen duten euskaldunak?

Oihana Lujanbio Euskal Filologian lizentziaduna eta Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bertan irakasle atxikia da 2021az geroztik, eta Arabako campusean ari da irakasle-lanetan. Ikerketa-ibilbidea euskararen soziolinguistikan egin du, batez ere. Bere hitzaldia: Noka berrerabiltzeko ikerketa parte-hartzailea: Goizuetako adibidea.

Fernando Oiartzun Magisteritza ikasia da, kalitateari buruzko masterra egina dauka, eta Administrazio Kudeaketako titulua ere eskuratu zuen Nafarroako Unibertsitatean. Azken bost urteetan, Leitzako euskararen eta bereziki hitanoaren erabilera ikertzeko eta berreskuratzeko lanean ari da: hainbat tailerren sustatzailea, irakaslea… eta besteak beste Hika eta toka, noka ere toka! liburuaren egilea. Bere ikerketa-proposamena saritua izan zen 2025eko Mintzola sarietan (Leitzako hitanoa: corpusa osatzeko eta erabilera berpizteko saiakera), eta mintegian lan horri buruzko xehetasunak emango ditu

Alex Artzelusek Euskal Ikasketetako gradua ikasi zuen Gasteizen eta tesia egin zuen Garaziko euskararen hizkuntza-aldakortasunari buruz. Gaur egun, doktore-laguntzailea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Udako ikastaroetan eskaini zuen hitzaldi bati esker, Euskaltzaindiak bere berri izan zuen eta mintegira gonbidatu du Azpeitiko euskarako alokutiboaren sintaxian dagoen aldakortasunari buruz hitz egitera.

Odei Guirado aisialdiko hezitzailea, gizarteratzeko teknikaria eta pedagogoa izan da, eta gaur egun, EHUko Hezkuntza Zientzien Saileko ikertzailea eta irakaslea da. Bere tesia bideratu du euskararen hizkera informala lantzeko esperientziak eta haurren euskarazko sozializazioa aisialdi antolatuaren bidez sustatzeko esperientziak aztertzera. Norabide horretan, hezkuntza formalaren eta ez formalaren testuinguruetan aplikatutako esku-hartze soziohezitzaileak ikertu ditu jakiteko ezagutza-maila hobetzearekin batera, euskararekiko motibazioa eta atxikimendua sustatu ote daitezkeen. Bere ikerketa-proposamena saritua izan aurtengo Mintzola ikerketa sarien deialdian (Hari-Katu: euskara informala hizkuntzaren, emozioaren eta komunitatearen ardatz gisa haurtzaroa babesteko egoitza-harreretan).

Ines Azkarate Gizarte Antropologian graduatua da, eta Bigarren Hezkuntzako Masterra egin du Euskara eta Literatura espezialitatean. Gaur egun frantseseko irakaslea da Bigarren Hezkuntzan. Bere master-amaierako lana saritu zuen Mintzolak antzerkia eta adierazkortasun-baliabideak uztartu nahian aurkeztu zuen proposamenagatik (Antzerkia eta adierazkortasun-baliabideak uztartzeko proposamen didaktikoa).

Libe Minerrek Lehen Hezkuntzako Gradua ikasi zuen EHUn, Hezkuntza Bereziko aipamenarekin. Iaz Gizarte eta Hezkuntzako Eremuen Ikerketa masterra egin zuen, Haur Hezkuntza Graduko ikasketak hastearekin batera. Beste zereginik ez eta, ikasturte honetan doktoretza-tesiari ekin dio. Mintzolak saritu zuen master-amaierako lanari buruz jardungo du mintegian: Euskararen erabilera ikaskuntza gidatuko espazioetan eta zirkulazio libreko eremuetan: Gipuzkoako Lehen Hezkuntzako kasu-azterketa bat.

Garazi Irastorzak aurten amaitu du EHUko Euskal Ikasketak gradua, eta gaur egun, Irakaskuntza Masterra egiten ari da UEUn. Mintzola ikerketa-saria jaso zuen gradu-amaierako lanarengatik, eta haren berri emango du bere hitzaldian. Aurkezpenaren izenburua: Hizkera-maila zaindu eta arduragabean ekoitzitako bokalen azterketa akustikoa.

Irastorzak bezala, Igor Yuguerosek ere oraintxe amaitu du Euskal Ikasketetako gradua EHUn, eta Irakasleen Prestakuntzarako masterra egiten ari da. Mintegian, Igeldoko euskararen bilakaera fonologiakoaren azterketa izeneko ikerketa-lanaren berri emango du.

Irati Urretak Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Ikasketetan graduatu ondoren, Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia masterra egin zuen unibertsitate berean, eta jarraian doktorego-ikasketak. Euskararen ahoskera eta hizkera-mailen inguruan egin zuen urtarrilean aurkeztu zuen tesia. Gaur egun, EHUko irakaslea da Gasteizko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailean. Hizkera-mailen araberako ahoskera aldakortasunaren inguruan hitz egingo du mintegian, eta azalduko du zer erakusten duten euskal hiztunen ahoskera aukerek.

Zabaldu:

Utzi erantzuna