(argazkia: Euskal Zine Bilera)

Lekeitio euskarazko zinema eta kulturaren topagune bilakatuko da urriaren 16tik 21era

Jaialdiak urtero egiten duen Euskal Zinearen Begirada omenaldia Pantailak Euskaraz ekimenari eskainiko zaio, euskarazko ikus-entzunezkoen alde egindako lanaren aitortzan.

Lekeitiok ateak irekiko dizkio Euskal Zine Bileraren edizio berri bati hilaren 16tik 21era bitartean. Aurtengoa 48 edizioa izango da, “Euskal Herrian euskara hutsez egiten den jaialdirik zaharrena da gurea, eta aurten ere berrikuntzak, proiekzio bereziak eta omenduak izango ditu egitarauaren barnean”, azaldu du antolakuntzak.

EZBren ardatz nagusia euskarazko film laburren lehiaketa da. Lekeitioko lagun talde batek sortu zuenetik 48 urte igaro dira jada, eta urte hauetan guztietan euskarazko sormenaren erakusleiho bihurtu da. Aurten ere, genero, teknika eta gai anitz biltzen dituzten lanak lehiatuko dira.

Film, zuzendari eta gidoi onenaren irabazleak aukeratzeko Itziar Atienza aktorea, Beñat Sarasola idazlea eta Miren Aperribay zuzendari eta banatzailea izango dira.

Beste sariei dagokionez, EITB Ikuslearen saria publikoak erabakiko du bere botoekin. Azkenik, 2001. urtetik aurrera jaioetako egileek Benito Ansola saria eramateko aukera izango dute.

Lehiatuko diren filmak hauek izango dira: Exergo (Jorge Moneo Quintana), Markelen Gurutzea (Alberto Bilbao Ariztimuño), Berandu (Lorea Azpeitia Anta), Eraman zutela (Mikel Balerdi Arruabarrena), Dear Death (Maddi Hernaez Susperregui), Pentsatzen dut (Karmele Mitxelena), Xiberoa Kantuz Loraturik. Txoriekin hizketan (Ane Rotaetxe eta Larraitz Zuazo), Olentzerori Eskatu Nion (Amaia San Sebastian Larzabal), Kamarada (Jon Iñigo Hidalgo Gereñu), Planetagatik (Eneko Muruzabal Elezcano), Maritxu, nora zoaz? (Alex Altuna Tojal), Inkognita (Julen Gorosabel Ortega), Kume (Xabier Larrazabal), Arditurri (Ander Arrieta Odriozola), Ehiza (Aitzol Saratxaga), Erreka zoko hortan (Ekaitz Bertiz), Bidean (Imanol G. Gurrutxaga), Ziklope (Xabat Lertxundi Aiertza), Dinosaurioak (Koldo Almandoz), Azkena (Ane Ines Landeta eta Lorea Lyons).

Film labur guztiak urriaren 16tik 18ra ikusi ahalko dira Ikusgarri zine aretoan.

Sari banaketa eta omenaldiak

Urriaren 18an izango da sari banaketa ekitaldia Ikusgarri aretoan, Iranzun Mentxaka eta Iratxe Urkiagak aurkeztuta eta Olatz Salvadorren musikaz girotuta. Film onenaren, zuzendaritza onenaren, gidoi onenaren eta ikuslearen sariez gain, gazteentzako Benito Ansola saria ere banatuko da.

Horrez gain, jaialdiak urtero egiten duen Euskal Zinearen Begirada omenaldia aurten Pantailak Euskaraz ekimenari eskainiko zaio, euskarazko ikus-entzunezkoen alde egindako lanaren aitortzan.

Proiekzio bereziak eta estreinaldiak

Ohiko lehiaketaz gain, ikusleek hainbat proiekzio berezi eta estreinaldi izango dituzte aukeran. Horien artean nabarmentzekoa da Asier Altunak zuzendutako Karmele, Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy protagonista dituen filma, Paris, Caracas eta Euskal Herria artean kokatutako maitasun eta konpromiso istorioa. Filmak hainbat saio izango ditu jaialdian, horien artean, urriaren 19an, egileekin solasaldiak izango dugu filmaren aurretik.

Halaber, Akelarre: marearen kontra dokumentalak talde mitiko baten ibilbidea ekarriko du pantailara, eta Txillarreko Sukaldaria dokumentalak ETAren jardun armatuaren amaiera markatu zuten elkarrizketen atzean dagoen kontakizuna plazaratuko du.

Bestalde, Lekeitioko jaialdiak Hazparneko Zinegin festibalarekin egingo du elkarlana aurten ere. Bi norabidetan izango da harremana: alde batetik, Zinegin jaialdiko Oiogorri film laburra Lekeition proiektatuko da; eta bestetik, Euskal Zine Bilerako lanen aukeraketa bat Zinegin jaialdian ikusi ahal izango da.

Gazteen parte-hartzea

EZBk bere etorkizuna gazteen parte-hartzean ikusten du, eta horregatik Harrobia eta Klixka bezalako egitasmoak lantzen jarraitzen du. Harrobiaren bidez, gazteei ikus-entzunezkoen bidez euskarazko sorkuntza hurbiltzen zaie; aurten, berrikuntza gisa, bideopodkasten sorkuntza eta ekoizpena landuko dira. Klixka programak, berriz, ikastetxeetan tailer praktikoak eskainiko ditu ikus-entzunezko sortzaileekin batera, ikasleak proiektu artistiko eta teknologikoetan murgilduz.

Azkenik, euskal zinearen ondarea ere presente egongo da Atzo8 programaren bidez. Aurten barne-lanean jarriko da fokua, epe ertain eta luzerako egiturak eta helburuak definitzeko. Irati Gorostidiren OT-IL filma izango da ikusgai online, euskal zinema analogikoaren balioa eta memoria berreskuratuz.

Zabaldu:

Utzi erantzuna