Hautatutako proiektuak udalaren erakusketa-espazioetan egongo dira ikusgai 2026ko uztailetik 2027ko martxora bitartean.
Getxo Kultura arte bisualetako erakusketen laugarren deialdia jarri du abian, hainbat diziplinatako sortzaileei zuzenduta, haien lana indartzeko eta hiru udal aretotan erakusketa errazteko asmoz. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea gaur, urriak 14, zabaldu da eta azaroaren 14ra arte egongo da irekita.
Artistei beren lanak erakusteko behar dituzten baliabideak emateaz gain, Getxo Kulturak sorkuntza bisualaren lana herritarrei hurbildu nahi die. “Baliabide horiek espazialak eta ekonomikoak izango dira. Bertan parte hartu ahal izango dute erakutsi nahi diren obren egileak diren adin nagusiko pertsonek, banaka edo taldeka. Diziplina artistikoak eta erakutsiko diren lanen formatuak pintura, eskultura, argazkigintza, instalazioak, bideoartea eta arte bisualei lotutako guztiak izango dira. Proiektuetan, obren ezaugarriak eta erakusketa-formatua zehazteaz gain, beharrezkoa izango da bitartekaritza-plan bat ere aurkeztea, lanak herritarrei hurbiltzeko”, azaldu du antolakuntzak.
Jasotako eskabideen artean, hainbat proposamen hautatuko dira, Kultur Etxeak aurreikusitako programazio-aukeren eta erakusketen arabera. Horiek hautatzeko hautaketa-batzorde bat egongo da, udalerriko errealitate artistikoa ezagutzen duten teknikariek eta arte plastikoetan eta bisualetan adituak diren pertsonez osatua. Aurreikuspenen arabera, aukeratutako proposamenak 2026ko uztailetik 2027ko martxora bitartean erakutsiko dira Itzubaltzetako eta Algortako Villamonteko erakustaretoan, bai eta Algortako Azokako erakustokian, Getxo Kulturako programaziorako kontratazioaren bidez. Villamonte aretoaren kasuan, bertan egiten ari diren obrak direla eta, lokalaren erabilgarritasuna mugatua izango da.
Deialdian parte hartzeko eskabideak era telematikoan aurkeztu ahal izango dira, Getxoko Udaleko Administrazio Elektronikoaren Bulegoaren bidez, https://eudala.getxo.eus/ helbidean, azaroaren 14ra arte. Getxo Kultura 15.000 euroko aurrekontua izango du gehienez ekimen horretarako, eta denera 25 proiektu aukeratu ahal izango dira, horietako bakoitzak 600 euro jasoko dituelarik.
Deialdiari buruzko informazio guztia www.getxo-kultura.eus/deialdiak webgunean eskura dago.