‘Bizkarsoro’ filmak emango dio gaur amaiera Bruselan EUNICen Europar Zinemaren Jaialdiari

Jaialdiaren lehen edizioak bi euskal ekoizpen hartu ditu: Tasio eta Bizkarsoro.

Josu Martinezek zuzendutako Bizkarsoro (2024) filmaren proiekzioarekin emango diote amaiera gaur EUNIC Brussels Film Festival zinema europarraren jaialdiari. Emanaldia euskarazko jatorrizko bertsioan izango da ingelesezko azpidatziekin. Festibalak balio partekatuak eta Europaren egungo erronken inguruan hausnartzeko borondateak batzen dituen bederatzi europar herrialdetako filmak eskaini ditu.

EUNIC Brussels egiturak antolatzen du jaialdia (Belgikako hiriburuan presentzia duten kultur institutuen eta Etxepare Euskal Institutua partaide duen klusterra), eta Tasio (1984) pelikularen emanaldia ere eman du. Montxo Armendarizek zuzendutako filma jaialdiaren irekieran izan zen iragan urriaren 6an. Euskal zinearen klasiko hau Euskadiko Filmategiak 4K formatuan berreskuratu zuen 2024an, haren estreinaldiaren 40. Urteurrenarekin bat eginez. Cannes eta Donostiako zinemaldietatik igaro ondoren, zinta hau Bruselan ikusi ahal izan da.

Bizkarsoro-k, bestalde, 1914. eta 1982. urteen artean kokatuta dauden bost
kontakizunen bitartez memoria historikoan barrena ibilbidea proposatzen du. Balizko herrixka batean kokaturik, nortasuna, hizkuntza eta kultur erresistentziari buruz hausnartzeko ariketa luzatzen du filmak.

Zinema-jaialdi honetan ekoizpen hauen parte-hartzea Etxepare Euskal Institutuaren jardunaren baitan kokatzen da, zeinaren helburua euskal kultura eta sorkuntza nazioartean proiektatzea eta ezagutaraztea den. EUNIC Brussels sarean egiten duen ekarpenari esker, Etxepare Euskal Institutuak, Europar Batasunerako Euskal Herriak duen delegaritzarekin batera, kulturen arteko elkarrizketa eta europar lankidetza sustatzeko jardueren eta proposamenen garapenean dihardu, aniztasunetik eta sorkuntza garaikidetik eraginez.

Zabaldu:

Utzi erantzuna