Hizlari esanguratsuek aurkezpenak, eztabaidak eta mahai-inguruak egingo dituzte gaur eta bihar, arnasguneen inguruko ikuspegiak eta esperientziak elkarbanatuz.
Arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritzean duten garrantziari buruzko nazioarteko lehen konferentzia egingo da Azpeitian, gaur eta bihar.
Euskal Herriko ikerlari eta adituak ez ezik, Eskozia, Gales, Kanada, Katalunia eta Hego Tiroleko hizlariak ere bilduko ditu konferentzia honek bi helburu nagusirekin: alde batetik, hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan arnasguneek duten garrantzia aztertzea eta gogoeta piztea; eta bestetik, hizkuntza gutxituen egoera soziolinguistikoa sendotzeko proposamen zehatzak eta neurriak partekatzea eta zabaltzea.
Hizlari esanguratsuek aurkezpenak, eztabaidak eta mahai-inguruak egingo dituzte bi egunetan zehar, arnasguneen inguruko ikuspegiak eta esperientziak elkarbanatuz. Gaiari ikuspegi askotatik helduko zaio, besteak beste, dinamika soziolinguistikoa, demografia, hizkuntza-politika, garapen sozioekonomikoa, kulturgintza, lege-babesa eta hiztunen ahalduntzea aztertuz.
Hizkuntza gutxiberrituen biziberritzean arnasguneek duten garrantzia agerian uzteko nazioarteko hitzordu garrantzitsua izango da gaur hasiko dena. “Mugarria mundu osoko soziolinguista, hizkuntzalari eta adituentzat”. UEMAko lehendakari Martin Aramendik adierazi duenez, “euskara da gure herrien nortasunaren orube sendoena eta, beraz, nazioarteko beste ekimen batzuetara, turismo azoketara eta antzekoetara joaten garen bezala, udalerri euskaldunetako alkateen eta ordezkarien ardura da gai honen inguruko puntako adituen eta politiken berri izatea eta udalerri euskaldunetatik horiek aldarrikatzea”.