(argazkia: Jorge Oteiza Museoa)

Danok Oteiza Fundazioaren Adiskideak jaio da, artistaren figura bultzatzeko komunitatea

Atzo, urriak 21, egin zuten komunitatearen aurkezpen ofiziala Fundazioaren egoitzan, Altzuzako Oteiza Museoan. Egun seinalatu hori ospatzeko, askotariko jarduerak antolatu zituzten  eta zenbait diziplinatako artistek parte hartu zuten.

Jorge Oteizaren jaiotzaren urteurrenarekin bat eginez, Danok Oteiza Fundazioaren Adiskideak aurkeztu du Jorge Oteiza Museoak, artistaren figura eta pentsamenduaren eta haren sorkuntza- eta kultura-ondarearen inguruan antolaturiko komunitatea. Erakunde bizi gisa artikulatua da, eta Museoak Altzuzan garatzen dituen jarduera eta ekintzak osatzea izango da haren egitekoa.

Azaldu dutenez, “komunitate honek Oteizaren ikusmoldeari berari erantzuten dio: “artea eta sorkuntza tresna boteretsuak dira eraldaketa sozial eta kolektiborako, eta lagungarriak dira, orobat, espiritu kritikoa sustatzeko eta iruditeria partekatua sortzeko”.

Komunitateak erreferentzia izan nahi du “Oteizaren ideia sortzaile, estetiko eta kulturalak partekatu nahi dituzten eta ideia horiekin identifikatu nahi duten pertsona edo erakundeentzat, dinamika partekatu batean esku hartzeko eta elkarri eragiteko. Hala, elkarrekin proiektatuko dituzte bizitza eta kultura egungo gizarterantz”.

Danok Oteiza “komunitate ireki gisa” definitzen da eta haren presentziak osatu egiten du Oteiza Museoaren jarduna. Ildo horretan, eboluzionatu egingo du denboran eta espazioan, bere kideen ekarpenekin batera.

Jorge Oteiza Fundazioak estatutuetan jasotako konpromisoari erantzuten dio komunitate berriak, zeinetan aipatzen baita elkarte bat eratzeko beharra: “Lankidetza sustatzea fundatzailearen lana ezagutzeko eta zabaltzeko interesa duten pertsona guztien artean, bai eta fundazioaren helburuak garatzen laguntzen duen jarduera oro babestea eta sustatzea ere”.

Oteiza Fundazioak sustatua da Danok Oteiza, eta hauek dira haren helburu nagusiak: Oteizaren obra eta pentsamendua zabaltzea eta hedatzea; komunitate ireki eta askotariko bat eratzea sortzailearen ideien inguruan, partaidetzan oinarrituta; eta lankidetzarako egitura iraunkor bat sendotzea.

Komunitate horretan parte hartzeko, zenbait kategoria sortu dira. Haien izenak artistaren iruditeria estetikoan funtsezkoak diren kontzeptuetan oinarrituak dira. Hauexek dira:

Cromlech: Proiektua sustatzen duten bi erakundeak biltzen ditu: Nafarroako Gobernua eta Jorge Oteiza Fundazio Museoa

Gaur: bazkide estrategikoak.

Emen: mezenasak.

Orain: laguntzaileak.

Baita: erakunde adiskideak.

Hitza: komunikabideak.

Itziar: Oteizaren emaztea omentzeko, kide indibidualak izango dira.

Atzo, urriak 21, egin zuten komunitatearen aurkezpen ofiziala Fundazioaren egoitzan, Altzuzako Oteiza Museoan. Egun seinalatu hori ospatzeko, askotariko jarduerak antolatu zituzten  eta zenbait diziplinatako artistek parte hartu zuten.

Zabaldu:

Utzi erantzuna