‘Taxi’ antzezlana

‘Taxi’ antzezlanak irabazi du Poltsiko Antzerkiaren Sorkuntzarako saria

Bigarren saria Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierberen Euskal musikarekin, kontuz obrarentzat izan da.

2026ko Poltsiko Antzerkiaren Sorkuntzarako programak baditu irabazleak. Jasotako proiektuen artean, epaimahaiak lehen saria Idoia Garzesek idatzitako eta Mikel Martinezek antzeztutako Taxi antzezlanari ematea erabaki du eta, bigarren saria, Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierberen Euskal musikarekin, kontuz obrari

Taxi antzezlanari dagokionez, Idoia Garzesek bakarrizketagileak miresten ditu: “aktore bakarrak defenditu behar du, bilutsik ia, testua. Artifiziorik gabe, bere gorputz eta arimaz, bere ahots eta keinuz. Eta eskua luzatuko dion kiderik gabe”. Horregatik, Mikel Martinezek bakarrizketa bat eskatu zionean, taxistaren figura etorri zitzaion burura.

Hortaz, Taxi antzezlanaren protagonista Taxilari bat da. Berritsua eta jenio bizikoa, aldartea batetik bestera istant batean alda daitekeena, zerotik ehunera azeleragailua sakatuta bere autoa bezala. Bere ofizioaren desbenturak eta kalenturak kontatuko ditu, bere egunerokoa azken finean: hiriko trafikoa, turismoa, bezero-faunarekin izandako pasadizoak… Ofizioaren ajeak aletuko ditu, lanbidea asko aldatu dela, egun taxiak gastuak baino ez dituela ematen… Baina lanbideaz kexu bada ere, maite du ofizioa, baduelako taxiaren aulkiari eta bolanteari estuki lotzen duen motiborik: maitabera da oso. Atzerako ispiluan enmarkatutako edozein begi parek enamoratzen dute erabat zoratu arte. Hainbestetan aipatuko du “taxiston diskrezio erabatekoa” baina gauzak eskapatuko zaizkio.

Euskal musikarekin, kontuz

Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierberen Euskal musikarekin, kontuz antzezlana izan da bigarren sariaren irabazle. Bikarrizketa honetan, hau da, bi pertsonek egindako bakarrizketan, euskal musikari buruzko hausnarketa proposatuko dute. Izan ere, ez da erraza txikitatik entzundako doinu, kantu, melodia, tiritiri, kalian gora, kalian behera, hau dek umoria zalantzan jartzea. Automata moduan errepikatzen dira belaunaldiz belaunaldi, euskal kultur ondare zabala transmititzeko grinaz. Kantu zahar eta berriak geureganatzen dira eta eguneroko bizitzaren parte bilakatzen dira. Baina, eta hori da gakoa, entzuten al dira benetan automatikoki ikasten diren letra horiek? Entzun, beharbada bai, belarrietan arazorik ez badago behintzat. Baina, eta aditzeko ariketa horri ikuspegi feminista gehituta?

“Musika estilo jakin batzuek gure sumindura pizten dute, reggaetoiak kasu, Ven papi que te lo como todo tankerako hitzak erabiliz. Baina, reggaetoiak bakarrik erabiltzen ditu horrelako letrak? Itsasoaren beste aldera joan behar al dugu eduki bero eta nardagarri horiek entzuteko? Seguru? Red flag, bandera gorria, detektatzeko gaitasuna garatzea ez da lan erraza. Bizitza osoko lana baizik. Gure lanpas propioaren azpian begira aritu gara eta harrituta geratu gara aurkikuntzarekin”, adierazi dute Andonegik eta Aierbek.

Saria

Antzezlanak garatzeko eta ekoizteko, proiektu irabazleak 2.500 euroko ekarpena jasoko du eta finalistak, aldiz, 2.000 eurokoa.

Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute irabazleek eta finalistek. Bakoitzak lau emanaldi egingo ditu, eta horien truke, 3.000 euro jasoko ditu proiektu irabazleak, eta 2.500 euro finalistak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna