Erakusketak Amazoniako herriek naturarekin duten lotura eta arbasoen inguruko ezagutza sakona defendatzen ditu. 2026ko apirilaren 12ra arte bisitatu ahal izango da.
San Telmo Museoak Amazoniak.Antzinako etorkizuna erakusketa aurkeztu du, publikoa lurraldearen, hirien eta Amazoniako komunitate indigenen aberastasun natural eta kultural izugarrian murgiltzeko asmoz; munduko bio-dibertsitate handiena duen lurraldea izanik, planetaren etorkizunerako funtsezkoa den eskualde baten artea, pentsamendua eta eragin ekologiko izugarria ezagutzeko.
Amazoniak. Antzinako etorkizuna proiektu koral eta polifoniko bat da, Amazoniatik sortua eta eskualde horretako artista eta intelektual multzo batek osatua, naturarekin bizitzeko eta harremanetan jartzeko beste modu batzuk planteatzen dituztenak. Donostiako museoak antolatu du eta Centre de Cultura Contemporània de Barcelonak – CCCB – ekoitzi. Claudi Carrerasek egin ditu komisario lanak, komisario independentea, editorea, kultur ekoizlea eta argazkilaritza ikertzailea.
Hedadurari eta aniztasunari dagokionez, Amazonia ezin da erakusketa bakarrean bildu: bederatzi herrialde zeharkatzen ditu (Brasil, Bolivia, Peru, Ekuador, Kolonbia, Venezuela, Surinam, Guyana eta Guyana Frantsesa) eta 30 milioi pertsona baino gehiago bizi dira, % 60a hiriguneetan. Era berean, 300dik gora hizkuntza hitz egiten dituzten 400 herri indigenen jatorrizko habitata da eskualdea. Planetaren tenperatura eta klima-aldaketa Amazoniako basoaren mende daude, munduko ekosistema tropikal handiena eta planetaren ur-erreserba nagusia dena.
Erakusketa ibilbide sentsoriala da: ibaien eta basoen zabalera, soinuak, usainak, hiriak, erritualak, pertsonak eta komunitate amazonikoen bizitza-istorioak zeharkatzen dituen ibilbidea. Aberastasun kultural eta natural izugarri honi zuzenean eragiten diote gaur egungo baso-soiltzeak, suteek, lehorteak edota lehengaiak kontrolatzeko borrokek. Gatazka horiek eskualdeko zientzialari eta ikertzaile nagusien eskutik jorratzen ditu erakusketak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “erakusketak Amazoniako herriek naturarekin duten lotura eta arbasoen inguruko ezagutza sakona defendatzen ditu. Kultura eta ekosistema baliotsuez hitz egiteaz gain, erakusketa honek hausnarketara garamatza: gizarte gisa geure buruaz, gure ingurunearen hauskortasunaz eta planetan bizitzeko errespetuzko moduak berreskuratzeko premiaz pentsarazten digu”.
Artista eta kolektibo indigena nabarmenei berariaz enkargatu zaizkie lanak. Hala, Mahku kolektiboa (Huni Kuin, Brasil), Elias Mamallacta (Kichwa, Ekuador), Olinda Silvano eta Cordelia Sanchez (Shipibo-konibo, Peru) eta Rember Yahuarcani (Uitoto, Peru) mural ikusgarriak margotzen aritu dira in situ CCCBn, eta Andres Cardonak argazkiak eta ikus-entzunezkoak sortu ditu.
Amazoniako eskualde indigenako adituen lankidetza zabala du erakusketak, hala nola Jõao Paulo Barreto, Eliane Brum, Emilio Fiagama, Lilian Fraiji, Valerio Gomes, Nelly Kuiru, Eduardo Neves, Daiara Tukano, Rember Yahuarcani eta Joseph Zaratek, eta UPCko Aplikazio Bioakustikoen Laborategiak, Ernesto Ventós Fundazioak eta VIST Fundazioak ere parte hartzen dute.