Azaroaren 28ko Osoko bilkuran egingo den bozketan jakingo da Andres Alberdiren lekua Arraratsek hartuko duenetz.
Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan egin den Osoko bilkuran, izen bakarra aurkeztu da euskaltzain oso izateko hautagai, hain zuzen, Irene Arrarats itzultzaile, zuzentzaile eta euskaltzain urgazlearena. Akademiak gogoratu duenez, Andres Alberdi emeritu izatera igaro zen uztailaren 1ean, 75 urte bete baitzituen egun horretan Getariako hizkuntzalariak, eta uztailaren 18an, Bilbon egin zen Osoko bilkuran, zabaldu zen hautagaiak aurkezteko epea.
Hala, Euskaltzaindiaren arautegiak agintzen duen moduan eta euskaltzain oso eta emerituen bozen nagusitasuna erdietsiz gero, azaroaren 28ko Osoko bilkuran egingo den bozketan jakingo da Andres Alberdiren lekua Irene Arraratsek hartuko duenetz.
Irene Arrarats Lizeaga (Hernani, 1967) Geografia eta Historian lizentziatu zen, Deustuko Unibertsitatean. Bere ibilbide profesionalean, euskarazko prosa lantzeari lotu zaio hasieratik, kazetaritzako idazkuntza lantzeari bereziki, eta alor horretan dihardu orain ere. Euskaldunon Egunkarian aritu zen 1991z geroztik 2003ra arte, estilo-zuzentzaile eta itzultzaile lehenbizi, eta euskara-arduradun gero. 2003an bertan hasi zen euskara-arduradun Berria egunkarian, eta horretan dabil harrezkero. 2001ean argitaraturiko Egunkariaren azken estilo-liburuaren egileetako bat izan zen, eta orain Berriaren estilo-liburuaren zuzendaria da. Era berean, hizkuntzari buruzko Ezer ez eta festa podcastaren egileetako bat da.
Arraratsek hartu-eman handia izan du Euskaltzaindiarekin ere 2007az geroztik, eta zenbait batzordetan aritzen da: Hiztegi Batuko lantaldean (2007-2017), Exonomastika batzordean (2009-), Euskaltzaindiaren Hiztegia lantaldean (2017-) eta Euskara Batuaren Eskuliburuaren Batzordean (2017-). Akademiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2018an.
Hernaniarrak feminismoa eta euskara uztartu ditu bere ekarpen teorikoetan. Itzultzaile ere aritzen da, eta, besteak beste, hark euskaratuak dira Monique Wittigen Pentsamendu heterozuzena (2017, beste batzuekin batera), Simone de Beauvoirren Bigarren sexua saiakera (2019), Nancy Fraserren Kapitalaren lantegi ezkutuak: mapa bat ezkerrarentzat (2021, beste batzuekin batera), Marjane Satrapiren Persepolis komikia (2023) eta Atef Abu Saiden Gazako egunerokoa lekukotasun-liburua (2024).