Durangoko Azokaren testuingurua baliatuta, kulturari eta sorkuntzari lotutako gaiak jorratuko dira euskal sortzaileen ikuspegitik abiatuta.
Aurreko urteetako arrakastaren ostean, bueltan da aurten ere Badabil bideopodkasta. Azaroaren 4an estreinatuko da hirugarren denboraldia eta, orain arte bezala, Durangoko Azokaren testuingurua baliatuta, kulturari eta sorkuntzari lotutako gaiak jorratuko dira euskal sortzaileen ikuspegitik abiatuta. Horretarako, aurreko denboraldietan bezala, Amets Aranguren kazetariak gidatuko du saioa.
Guztira sei atal izango ditu denboraldi berriak (azkena zuzenean Durangoko Azokatik bertatik), eta atal bakoitzean hiru kulturgile izango dira harekin, kulturari eta sorkuntzari eragiten dioten gai bat eztabaidagai hartuta.
Badabil bideopodkastaren hirugarren denboraldi honetan, kulturari eta sorkuntzari lotutako denetariko gaiak landuko dira. Antolatzaileek azaldu dutenez, “taldeen itzulerak eta esperientzia ahaztezinak, ekoizpen zailtasunak eta enpresa handien hegemonia, gorputz disidenteen presentzia eta genero desoreka, euskal zinemaren azken loraldia, liburu-denden egoera eta fisikotasunaren galera, edota kulturaren lehia eta lehiaketen kultura… Atal bakoitzean galdera ezberdinei tiraka, bizi dugun testuingurutik abiatuta, gaur egun kultur-sorkuntzak pairatzen dituen erronka eta aukera ezberdinak aztertuko dira”.
Ibilbidea
Dagoeneko bi denboraldi egin ditu bideopodkast honek. 2023an abiatu zen, bost atalekin. 2024an jarraitu zuen, jatorrizko bost atalei zuzeneko seigarren bat gehituz, Durangoko Azokan bertan. Lehen bi denboralditan zehar, bertan izan dira Izaro Andres, Olaia Inziarte, Kike Amonarriz, Aner Peritz, Maite Atorrajauregi Mursego, Itxaro Borda eta Josune Arakistain, besteak beste.