(argazkia: Kultur Sharea)

Loraldiberri liburu eta disko azoka antolatu dute azaroaren 30ean, Urruñan

Hamabost bat argitaletxe eta elkarte beren ekoizpenekin azokako mahaietan egongo dira, goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean.

Azaroaren 30ean, igandea, Loraldiberri liburu eta disko azokaren laugarren edizioa izango da Urruñako herriko plazako elizaren parean (euria egingo balu Posta gelako goiko solairuan). Urrunaga elkartea ari da antolaketa lanetan Berttoli elkartearekin batera. Azaldu dutenez, “XIX. mendearen amaieran euskal kulturaren loraldia izan zen Urruñan eta Euskal Herri osoan, Antton Abadiak piztua eta diruz lagundua”. Orain, azokarekin orduko loraldia ekarri nahi dute urruñarren burura. Horretarako, aurtengoan ere argitaletxeek, diskoetxeek eta elkarteek parte hartuko dute, eta asko izango dira azokara liburuak edo diskoak izenpetzera hurbilduko diren idazleak eta musikariak.

Hala, hamabost bat argitaletxe eta elkarte beren ekoizpenekin azokako mahaietan egongo dira, goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean. Elkar, Zortziko, Dakit, Hatsaren Poesia edota Urrunaga izango dira horietako batzuk. Horietaz gain, antzerkia edota ipuin kontalariak izango dira. Antolatzaileen esanetan, “asmoa euskal kulturaz eta euskaraz egiten diren gauzak jendeari aurkeztea da”. Euskarak lehentasuna du ekimen honetan, “azokaren funtzionamendua bera euskaraz delako”, adierazi dute antolatzaileek, baina euskal kulturarekin lotura duten frantsesez edo gazteleraz plazaratutako ekoizpenek ere lekua izango dute.

Egitaraua

10:00etan, idekitzea eta ongi etorria.

10:30ean, Oskolaren azpian izeneko ipuina haurrentzat, Posta gelan. Kontalaria: Maddi Zubeldia.

11:00etan, Rafa Gorrotxagi xokolata-egilearen azalpenak eta xokolata Dastatzea.

11:00etan, txotxongiloak (Basoa izeneko emanaldia) herriko etxeko kontseilu ganberan.

12:00etan, Koro Irazoki historialariaren hitzaldia. Gaia: Sorgin ehiza Nafarroa Garaian eta Lapurdin Posta gelan.

17:00etan, Urruñako Antzerki Eskolaren errezitaldia, Palestinari eskainia, Itsas Mendi zinetokian.

17:30ean, Artedrama antzerki konpainiaren Minan obra, Itsas Mendi zinetokian.

Zabaldu:

Utzi erantzuna