'Planetagatik' piezaren grabazioa (argazkia: Donostia Kultura)

Oihua! Euskarazko film laburren proiektuen lehiaketa martxan da

Hautagaiak aurkezteko epea 2025eko abenduaren 30ean amaituko da. Deialdiari buruzko informazio gehiago: larrotxene_bideo@donostia.eus.

Oihua! lehiaketak laugarren edizioa beteko du aurten, jatorrizko helburuari eutsiz: euskarazko beldurrezko eta fantasiazko film laburren sorkuntza sendotzea. Donostia Kulturako Larrotxene Bideoren egitasmo honek Euskara Zerbitzuaren babesa izan du bere sorburutik, eta urtetik urtera sona handiagoa hartzen ari da. Deialdira aurkezten diren gidoien artean epaimahaiak oinarrietara ondoen egokitzen den proiektua sarituko du. Aukeratuko den gidoia Larrotxene Bideoren tutoretzapean eta laguntzarekin produzituko da, eta horretarako 10.000 euro arteko produkzio gastuak babestu ahalko dira. Gainera, aurtengo proiektu irabazlea 2026ko Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 37. astean estreinatuko da.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “deialdi honek gero eta pisu handiagoa du sektorean. Alde batetik, lagundutako proiektuen  aholkulari lanetan ibilitakoen ospeagatik: lehenengo hiru edizioetan irabazleek Paul Urkijo, Maider Oleaga edo Igor Legarreta bezalako kolaboratzaile ospetsuen babesa izan zuten. Bestetik, proiektu irabazleek film laburren jaialdien zirkuituan emaitza bikainak jaso dituzte”.

Azken edizioko proiektu irabazlea, Eneko Muruzabal bilbotarraren Planetagatik, nazioarte mailako 40 zinema jaialdietan baino gehiagotan programatua izan da (hala nola Malaga, ZINEBI, FICX, Los Angeles, Sao Paulo, Quito edo New York); horretaz gain, AEBetako Renoko jaialdian, Britainia Handiko Aberystwyth-en eta Kolonbiako Barichara jaialdian saritua izan da eta, Euskal Herrira etorrita, Lekeitioko Zine Bilerako 47. edizioan, Film onenaren Saria jaso du ere.

Hautagaiak aurkezteko epea 2025eko abenduaren 30ean amaituko da. Deialdiari buruzko informazio gehiago: larrotxene_bideo@donostia.eus.

Zabaldu:

Utzi erantzuna