Sari banaketa 2026ko martxoaren 9an izango da, Ignacio Aldecoa Kultura Etxean.
Arabako Foru Aldundiak Ipuin Literarioaren Ignacio Aldecoa saria eta euskarazko eta gaztelaniazko poesiaren Ernestina de Champourcin sariaren irabazleak eman ditu ezagutzera.
Fernando Garriga Argentinako idazleak Ignacio Aldecoa Sariaren 54. edizioa irabazi du Un bucle de tiempo izeneko lanarekin. Munduko hainbat tokitatik aurten aurkeztu diren 350 hautagaitza baino gehiagoren artean aukeratu dute. Antonio Altarribak, Juan Apariciok, Clara Obligadok, Cesar Sanchezek eta Sabina Urracak osatutako epaimahaiaren ustez, “lanak irudimena pizten du, gaitasun formal ezohikoa erabilita, erritmoa erabat kontrolatuta eta imajinario aberatsa eta konplexua baliatuta”.
Bestalde, Nahia Intxaustiren eta Crethel Delgadoren lanek irabazi dituzte Ernestina Champourcin 35. Poesia Lehiaketako euskarazko eta gaztelaniazko sariak, hurrenez hurren. Kategoria bakoitzean 2.000 euroko saria dago, eta irabazleen lanak argitaratu egingo dira.
Intxaustik Zainetatik zilarra izeneko lanari esker eskuratu du saria. Gaixotasunaren bizipen pertsonalean, gorputzaren ahultasunean, nork bere burua onartu eta berreraikitzeko premian oinarritutako poema sorta da saritutakoa. Egilea Donostiako EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea eta ikertzailea da. Eskolak ematen ditu Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetan eta Gizarte eta Hezkuntzako Eremuen Ikerketa Masterrean. Gaztea zenetik idazten du poesia, eta sari hau da jasotzen duen lehena.
Delgado kazetari, idazle eta aktore kubatarrak Y solo estamos en verano poema sortari esker irabazi du saria. Lan horrek amets amerikarra lortzeko emigratzea zein gogorra den islatzen du, bai eta etorkizun hobea bilatzeko bere jaioterritik ihes egin behar duen edonork pilatzen duen deserrotzea eta nostalgia ere.
Bi modalitateetako epaimahaikideak Angel Erro, Catalina Garces eta Kepa Murua izan dira.
Sari banaketa
Sari banaketa 2026ko martxoaren 9an izango da, Ignacio Aldecoa Kultura Etxean.
Bestalde, ekainean iragarri zen Ignacio Aldecoa Bekaren irabazle Ruben Sanchezen lana ere argitaratuko dute, eta martxoaren 10etik 14ra bitartean izango den Ignacio Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdian aurkeztuko dute.