(argazkia: Etxepare)

Frankofoniaren unibertsoan hizkuntza gutxituek dituzten erronken inguruan hausnartzeko Kongresua antolatu dute Parisen

Sorbonne eta Sorbonne Nouvelle unibertsitateekin lankidetzan antolatuta, bederatzi unibertsitatetako 20 hizlari bilduko dira azaroaren 19an eta 20an.

Langues minorisées en contexte francophone: traduire, transmettre, transformer (‘Hizkuntza gutxituak testuinguru frankofonoan: itzuli, transmititu, eraldatu’) nazioarteko biltzarra egingo da azaroaren 19an eta 20an, Pariseko Sorbonne eta Sorbonne Nouvelle unibertsitatean.

Biltzarrak Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurrenarekin bat egiten du, eta Ça colle au basque ekimenaren testuinguruan kokatzen da, unibertso frankofonoan euskararen eta euskal sorkuntzaren proiekzioa indartzeko abiatutako egitasmoa.

Bederatzi unibertsitatetako 20 hizlarik hartuko dute parte topaketa honetan, testuinguru frankofonoan hizkuntza gutxituek gaur egun dituzten erronken inguruan hausnartzeko. Hala, Parisko bihotz akademikoan egoera diglosikoan daude hizkuntzen funtzio soziala eta hizkuntza aniztasuna ikusarazi eta aldarrikatuko dira.

Etxeparek azaldu duenez, “euskara abiapuntu eta inspirazio iturri hartuta, eremu frankofonoko hizkuntza gutxituen arteko elkarrizketa abiatuko da biltzarrean. Hiru mahai-ingururen eta bi hitzaldi nagusiren bidez, hizkuntza horien itzulpen-, transmisio- eta aintzatespen-dinamikei buruz jardungo dute, baita haien eskubideen aitortzari buruz ere”.

Kongresuan hizkuntzalaritza, itzulpengintza, literatura konparatua, zientzia politikoa, soziologia, antropologia eta kultura-ikasketen esparruko nazioarteko irakasle eta espezialistek, besteak beste, hartuko dute parte. Euskara, unibertso frankofonoko beste hizkuntza gutxitu batzuekin batera, hala nola Guyana Frantseseko hizkuntza indigenak, Antilletako kreolera edo bretoiera, hizkuntza gutxituen inguruko eztabaidaren erdigunean jarriko duen lehen mailako topaketa akademikoa izango da.

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusiaren hitzetan: “Kongresu hau Parisko bihotz akademikoan egiteak balio sinboliko handia du: hizkuntzen eremuan euskarari bere lekua aitortzea eta hizkuntza-aniztasuna Europako balio gisa onartzea esan nahi du. Normalean periferian kokatzen diren hizkuntzak elkartuz, topaketak erdigunearen eta bazterren arteko harremana irauliko du zenbait egunez, hizkuntza gutxituen eginkizun soziala eta indar bizia lehen lerrora ekarriz”.

Itzulpena, transmisioa eta instituzionalizazioa

Euskarak protagonismo berezia izango du kongresuan, ikergai zein eztabaidagai gisa. Gainera, Ipar nahiz Hego Euskal Herriko dozena erdi hizlarik hartuko dute parte. Frankofoniaren eremuan hizkuntza gutxituek gaur egun dituzten erronkak hiru eztabaida-zati nagusitan aztertuko dira.

Lehen zatia hizkuntza gutxituetako itzulpenari eskainiko zaio, eta itzulpen-politikak eta -praktikak aztertuko ditu hizkuntza horiek ikusarazteko edo baztertzeko tresna gisa. Besteak beste, bretoieraren kasua landuko da, non itzulpen askok balio sinbolikoa funtzionala baino handiagoa duten; edo Guyana Frantseseko hizkuntza indigenen egoera, “Frantziako hizkuntza” gisa aitortuak izan arren, oraindik ere interpretazio- eta informazio publiko- zerbitzu faltari aurre egin behar diotenak, bazterketa eraginez eta herritartasun sentimendua ahulduz. Halaber, euskaratik frantseserako literatura-itzulpena ere aztertuko da, hizkuntza gutxitu baten eta hizkuntza hegemoniko baten arteko asimetriaren adibide gisa, eta Ipar Euskal Herrian euskararen auziak izan duen bilakaera gogoeta-gai izango da.

Bigarren zatiak komunitateek beren hizkuntzak eta praktika kulturalak berreskuratzeko, eraldatzeko eta transmititzeko dituzten moduak aztertuko ditu. Karibe aldera erreparatuz, esaterako, Antilletako kreoleraren berreskurapena izango da hizpide: “lotsaren hizkuntza” izatetik harrotasun kulturalaren eta herritartasunaren ikur bilakatu da. Euskal esparruan, berriz, Behe Nafarroako libertimenduaren berpizkundea izango da aztergai, euskarazko berrikuntza kulturalaren adibide gisa: landa-inauterietako erritu-elementuak eta gaur egungo adierazpideak uztartzen ditu, eta gaur egun harrotasun kolektiboaren eta belaunaldien arteko loturaren sinbolo bihurtu da.

Hirugarren eta azken zatiak arriskuan dauden hizkuntzen eta hizkuntza gutxituen instituzionalizazioak dakartzan kontraesanak eta erronkak aztertuko ditu. Besteak beste, kornubieraren adibidea aurkeztuko da: XVIII. mendean eguneroko komunikazio-hizkuntza gisa desagertu bazen ere, instituzionalizazioaren bidez biziberritzea lortu duen hizkuntza da. Halaber, Frantziaren kasua ere aztertuko da, non hizkuntza gutxituen babesa eta biziberritzea bermatuko lituzkeen lege-esparruaren gabeziak hizkuntza horien biziraupena arriskuan jartzen duen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna