(argazkia: Baga Biga diskoetxea)

ETS taldeak ‘Konkista’ diskoa aurkeztuko du azaroaren 30ean Gasteizen egingo duen ekitaldi intimo batean

Lan berria bizitzaren irudikapen zintzoa da, kontraesanez eta anbibalentziaz betea. Kaos emozionaletik sortutako diskoa da, barneko konkista baterantz aurrera egiteko ditugun orbainak ulertzen saiatzen dena.

ETS taldea azken lana argitaratu zuenetik hiru urtera eta agertokietara igo gabe egon eta urtebetera itzuliko da Konkista izeneko disko berriarekin. Orain arteko “proiekturik pertsonalena eta abangoardistena” izango dela diote eta abenduaren 5ean ikusiko du argia, Durangoko Azokarekin bat eginez.

Boskoteak azaldu duenez, “Konkista kontrastez beteriko lana da, non emozio mingarriak, zauriak eta orbainak beharrezkoak diren bizitza ulertzeko”.

Disko berria “bizitzaren irudikapen zintzoa da, kontraesanez eta anbibalentziaz betea. Kaos emozionaletik sortutako diskoa da, barneko konkista baterantz aurrera egiteko ditugun orbainak ulertzen saiatzen dena. Mundu guztiak bere lekua aurkituko duen babeslekua da”, adierazi dute arabarrek,

Lan berri honetan, taldeak nazioarteko ekoizleak izan ditu alboan, “soinu abangoardistenak euskarazko musika panoramara eramateko”. Hala, etapa berri honek ETSren ezaugarri diren sormen askatasuna eta heldutasun artistikoa islatzen dituen estiloen fusioa dakar.

Komunitatea izango da protagonista

Konkista azaroaren 30ean, 18:00etan, aurkeztuko dute Gasteizko Buesa Arenan, lehenengo aldiz eta behin bakarrik. “Gure komunitatearekin diskoa beste inork baino lehen partekatzeko eta kantu bakoitzaren atzean dauden istorioak eta emozioak ezagutarazteko pentsatutako ekitaldia izango da”, aurreratu dute musikariek.

Ekitaldian zehar proiektuarekin batera doazen ikus-entzunezko edukiak ere estreinatuko dituzte eta publikoarekin interakziorako uneak egongo dira. “Hitzordu intimo eta sinbolikoa izango da, plaza mugatuekin”, ETSk bere jendearentzako opari gisa planteatzen duena.

Emanaldiak, beraz, prezio sinbolikoa eta plaza mugatuak izango ditu. Sarrerak azaroaren 13an egongo dira eskuragarri https://feverup.com/m/455983 webgunean eta aurresalmenta esklusibo bat egongo da ETS komunitatearentzat azaroaren 12an.

Zabaldu:

Utzi erantzuna