(argazkia: Olaso Dorrea Fundazioa)

Olaso Dorrea Fundazioa bere artxiboak eta Monzon-Olaso Etxe Museoaren bilduma handitzeko eta aberasteko lanean ari da

Orain arte jasotakoaren artean daude Telesforo Monzonek gordetako Sabino Aranaren mikrofilmatutako obraren kopia bat, Lauaxetaren gabardina eta gurutzea, Karmele Urrestiri eta Txomin Letamendiri Agirre lehendakariaren Gobernuak emandako dokumentazioa edota Otaegi eta Garmendia heriotzara zigortutako militanteen pankarta.

Olaso Dorrea Fundazioa bere artxiboak eta Monzon-Olaso Etxe Museoaren bilduma handitzeko eta aberasteko lanean ari da. “Gure bildumak frankismo garaian jasandako espoliazioaren azterketa bat egiten ari gara, eta horrek Olaso Dorrearen historia XX. mendean kokatu du, haria gaur egunera arte ekarriz: abertzaletasunaren sorrera eta garapena, 1936ko gerra, frankismoa, 60ko hamarkadako herri susperraldia, Trantsizioa eta ondorengo egoera, gaur arte”, azaldu dute.

Telesforo Monzonek, eta harekin batera bere emaztea Maria Josefa Ganuzak eta anaia Isidro Monzonek, egindako ibilbideak hari horri segitzea ahalbidetzen duela diote Fundazioko kideek. “Gure herrian memoria lantzeko eta ulertzeko gogoa oso nabaria da, eta eskaerak, ekarpenak, laguntza… jasotzen ari gara lan hori egiteko”, adierazi dute.

Ahalegin horretan ondarea biltzen ari dira dagoeneko, “euskal abertzaletasunaren familia ezagunekin gaude harremanetan objektu eta dokumentu esanguratsuak lortzeko”. Beste erakunde eta norbanakoekin ere harremanetan daude elkarlana sustatzeko.

Bilduma aberasteko ahalegin horretako adibide dira Fundazioak Donostiako Aranzadiko egoitzan erakutsi dituen zenbait pieza: Telesforo Monzonek gordetako Sabino Aranaren mikrofilmatutako obraren kopia bat, Lauaxetaren gabardina eta gurutzea, Karmele Urrestiri eta Txomin Letamendiri Agirre lehendakariaren Gobernuak emandako dokumentazioa, Otaegi eta Garmendia heriotzara zigortutako militanteen pankarta, bala tiroz zulatutako Txomin Iturberen alkandora eta Txillarre baserrian erdietsitako lehen akordioaren originala.

Memoria ez-materiala biltzeko proiektu bat martxan jartzen hasi direla nabarmendu dute Donostiako agerraldian. Lan hori guztia egin ahal izateko laguntza behar dute, eta honako hiru dei egin nahi diete egitasmo honekin bat etor daitezkeen guztiei: “Balio historiko, etnografiko edota artistikoa izan dezaketen objektuen dohaintza egiteko; proiektu honetan gaitasun profesionaletik ekarpena egiteko; eta  dohaintza ekonomikoaren bidez laguntza emateko. Hemen kokatzen da urte osoan zehar eta oraindik zabalduta dugun kanpaina. Pertsona fisikoei begira, ‘ohorezko babesle’ dohaintza berritu genuen kanpainaren hasieran, proiektuari bultzada eta edukia emateko helburuarekin. Aldi baterako proposatzen dugu, bost urterako; hain zuzen ere, Monzonen jaiotzaren 125. urteurrenera arte iraungo luke. Aldi horrek funtsezkoa izan behar du proiektu hau garatzeko. Dohaintza urtean 300 eurokoa da”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna