Poltsiko antzerkiaren sorkuntzarako X. deialdia zabalik irailaren 26a arte

Donostia Kulturak poltsiko antzerkiaren alorrean euskarazko sorkuntza bultzatzeko hamargarren proiektu deialdia antolatu du. Irailaren 26ra arte eman dute proiektu berriak aurkezteko epea.

Poltsiko Antzerkiaren, eta orokorrean, formatu txikiko antzerkiaren inguruan euskarazko lanen eskaintza urria izaten dela diote ekimenaren antolatzaileek. Hala, “askotan Poltsiko Antzerkiko programatzaileek arazoak izan ohi dituzte euskarazko obrak programatzeko”. Errealitate hori ikusita, alor horretan euskarazko sorkuntzak bultzatzea da ekimen honen lehen helburu nagusia.

Bestalde, kulturaren balio katearen barruan (trebakuntza; sorkuntza; ekoizpena eta, hedapena eta ikustaldia), orokorrean sorkuntza eta ekoizpenak dira kultur erakundeetan gutxien jorratzen diren arloak. Kultur etxeen ataletik, oinarrizko eta gertutasunezko kulturaren bideratzaile diren aldetik, argi dute, badutela zer ikusi eta zer egin formatu txikiko sorkuntzen sustapenean. Hala, ekimen hau sorkuntzaren eremuan egingo den lanaren hastapena izatea espero dute, aurrerantzean kulturaren beste arlo eta diziplinetara hedatu ahal izateko. Gauzak honela, kultur balio katearen ibilbide guztia jorratzea da ekimenaren bigarren helburu nagusia.

2011n abiatu zen lehen aldiz modu esperimentalean proiektu deialdi hau, Euskal Kultur Erakundearekin izandako esperientzien elkar trukearen ondotik. Aurreko bederatzi deialdietan aurkeztutako proiektuak 60 inguru dira.

Kontuan hartzekoa da, era berean, hamargarren deialdi honen xedea ez dela diru-laguntza soilik, koprodukzioa baizik. Izan ere, aukeratutako bi proiektuen sorkuntza eta ekoizpena laguntzeaz gain, hamargarren deialdi honetan landutako bi obren estreinaldia egingo da Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren programazioaren barruan, 2020ko urtarrila eta otsaila bitartean. Modu honetan, euskal antzerki sorkuntzari leiho bat ireki nahi zaio jaialdiaren barruan. Hain zuzen ere, aukeratutako bi antzezlanen lau emanaldi egingo dira Donostiako auzoetako hainbat tabernatan.

Oinarriak hemen.

Zabaldu: