Bertsolari hauek arituko dira kantuan Nafarroa Arenan: Joanes Illarregi Marzol, Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Sarai Robles Vitas eta Eki Mateorena Zozaia.
Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurreko guztiak jokatuta, erabaki da Nafarroa Arenako finalean zein bertsolarik kantatuko duten. Eneko Lazkoz, Julio Soto eta Joanes Illarregiz gain, beste bost bertsolarik osatuko dute zortzikotea. “Txapelketak zeharkatu ditu Nafarroako lur berde, hori eta gorriak; eta azken geltokia baino ez zaio falta: finala. Orain artekoak jokatuta, argitu da zortzi finalisten zerrenda”, adierazi du Bertsozale Elkarteak.
Finala azaroaren 29an izango da, Iruñeko Nafarroa Arenan, arratsaldeko 17:00etan hasita.
Agoizko, Leitzako eta Tafallako finalaurrekoak jokatuta, erabaki da finaleko zortzikotea. Saio bakoitzeko hiru irabazleei (Eneko Lazkoz, Julio Soto eta Joanes Illarregi) puntuazioaren araberako beste bost bertsolari gehitu zaizkie.
Hauek arituko dira kantuan Nafarroa Arenan: Joanes Illarregi Marzol, Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Sarai Robles Vitas eta Eki Mateorena Zozaia
Lehen aldia da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala Nafarroa Arenan jokatuko dena. Ainhoa Larretxea Agirrek eta Ander Aranburu Arriolak jarritako gaiei kantatu beharko diete bertsolariek ondorengo ariketetan: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian; eta banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Buruz-burukoa (9 bertso puntuagarri): binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte; eta binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
Azkenik, Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Ariketa horiek guztiak egin ostean eta epaileen puntuazioak jasota, jakingo da nor den 2025ko Nafarroako txapelduna. Finalerako sarrerak bertsosarrerak.eus helbidean daude eskuragarri.